«Bide hau izugarria izan da niretzat, merezi ez ditudan ohoreak eta aipamenak izan ditut»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko uztailaren 24a

Maixux Zugarramurdi Zestauk botako du, gaur arratsaldean, Aranoko Santioei hasiera emango dien suziria. «Hauxe bakarra falta nuen», aitortu du, berarentzat oso berezia izan den urte eta erdiko bideari errematea jartzeko. 

 

Sekula esperoko ez zuen olatu bat iritsi zitzaion Maixux Zugarramurdi Zestauri, orain urte eta erdi pasatxo, musika mundutik. Eta surfean ederki aritu da ordutik, eszenatoki haundienetan: Mitoaroaren hiru edizioak, aurtengo Korrikaren abestia... Bide horri errematea jartzeko, bere herrikideek omenduko dute gaurkoan: Aranoko Santiotako txupinazoa botako du.

 

Zer sentitu zenuen, txupinazoa botatzea proposatu zizutenean?

Uste dut gauzak hauek izan direla pixka bat gainditu nautenak. Ez dut pentsatzen egin dudanik merezimendurik horrelako omenaldirik jasotzeko, baina heldu zaizkit poliki-poliki, eta ohore haundia izan da niretzako. Esan zidatenean suziria bota behar nuela, sorpresa izan zen, eta oso eskertuta nago.

 

Azkeneko urte eta erdia pasatxo, oso berezia izan da zure bizitzan. Zeinek esan behar zizun 70 urterekin halakorik bizi behar zenuenik, ezta?

Egia esan, ez nuen inondik inora pentsatuko. ‘Hileta kantu nafarra’ abestia grabatu nuenean, pentsatu nuen izango zela hura, zer edo zer gehiago eta akabo. Baina gero etorri zen Mitoaroa I, Mitoaroa II, Mitoaroa III… Ondoren Korrikaren abestia, orain Aranoko suziria… Eta hori izan da niretzako izugarria. Korrikaren kanta erakutsi zidatenean, eta han entzun nuenean ‘Zer gara euskara bera ez bagara, Maixux eta Erramunen herrian’… Oraindik ere emozionatu egiten nau. Oso berezia izan da.

 

Nola hasi zen dena? Nola iritsi zinen ‘Hileta kantu nafarra’ grabatzera?

Bazkari batean, familia osoa bilduta geundela, Maider alabak esan zidan: ‘Ama, aurreko egun hauetan Pellok deitu dit’. Eta nik zein ote zen Pello, ez nuen ideiarik ere zein zen, egia esan… Eta esan zidan emakume bat behar zuela bideoklip bat grabatzeko. Nik uste nuen berari buruz ari zela Maider, eta esan nion joateko noski. Baina ezetz, edadeko emakume bat behar zuela, eta ea ni animatuko nintzen. ‘Ezta pentsatu ere!’, bota nion zuzenean. Eta orduan denek ‘Nola ez ba?! Zetakekoa da Pello, ezaguna! Animatu, mesedez!’. Tira ba, joango gara Arbizura, eta ikusiko dugu zein den gizaseme hori… Joan ginen, sartu ginen taberna batera, eta deitu zioten Pellori, han geundela esateko. Uste dut hain mutil altuak lehenengo besarkada eman zidanean, desarmatuta utzi ninduela. Proba egin genuen, eta aurrera egiteko esan zidan. Hori bai, esan zidan gerora elkarrizketa batzuk eskaini beharko nituela agian, eta prest egon beharko nukeela horretarako. Eta esan nion euskeraz nahi beste elkarrizketa jartzeko, moldatuko nintzela; baina erderazkorik ezetz, horiek bere gain hartzeko. Hala egin genuen tratua.
Gainera, aipatu nion osasun arazoekin hasita nengoela, eta abesti hura grabatuko nuela, baina gerora beste zerbaitetarako behar baninduen, ez nekiela erantzuteko moduan izango nintzen. Eta berak ez kezkatzeko, alabak ere ondoan neuzkala eta moldatuko ginela. Eta orduz geroztik hortxe nabil, alabak ondoan hartuta.

 

«Alabak proposatu zidan Pellorekin 'Hileta kantu nafarra' grabatzea; eta esan nion 'zein da Pello?'. Ideiarik ere ez nuen Pello Reparaz nor zen»

 

 

Mitoaroaren hiru kontzertuetan aritu zara, oso eszenatoki haundietan…

Izan da esperientzia bat izugarria. Ez nuen horrelakorik sekula ikusi, eta ezta pentsatu ere ikusiko nuenik. Baina jende zoragarria ezagutu dut, jende bikaina. Denek tratatu naute oso ondo. Ahaztuko ez dudan esperientzia izango da.

 

Eta hainbeste jenderen aurrean aritze hori?

Nire alabek barre egiten dute oraindik. Nafarroa Arenan abestu nuen aurrenekoz. Eskailera batzuk igo behar genituen eszenatokira iristeko, eta gorantza gindoazela begiratu nuen beherantza, eta esan nuen ‘ez dago hainbeste jende, ezta?’. Gero barre egiten zidaten, ez dakit zenbat mila ikusle zeudelako, eta nik ez nuelako inor ikusi han goitik. Pentsa nola joango nintzen…

 

Korrikaren abestia iritsi zen Mitoaroen artean...

Bai, hori da. Mitoaroaren ondoren, beti egin dugu bazkari bat Arbizun, parte hartu dugun guztiok. Banekien Korrikaren abestia grabatzeko eskatu ziotela Pellori. Eta bazkari hartan, esan zigun joateko bere estudiora. Hantxe jarri zigun abestia, eta entzun nuenean zati hura, gure izenak aipatuz… Gainera, proposatu zigun zati bat abestea berarekin, eta niretzako izan zen izugarria.

 

Orain ezagutu zaituzte askok abeslari gisa, baina zuk bizitza osoa daramakizu kantuan.

Bai, bizitza osoan aritu naiz kantari, baina kantari aritzetik aritzera badago diferentzia! Orain ere ez naiz kantaria sentitzen, baina gustatu izan zait beti, beti. Garai hartan ez zen irratirik, telebista are gutxiago, eta hamar senide ginen, ni seme-alabetan zaharrena. Eta ume txikiak loarazteko edo siestara eramateko, gure arma bakarra izaten zen kantari aritzea. Kantu pila bat kantatzen genituen. Horrez gain, elizara ere joaten ginen, eta elizako kanta guztiak abesten genituen. Nik badaukat anekdota bat, txikiak ginela. Apaiz bat bagenuen, kojoka ibiltzen zena; eta berak esaten zuen: ‘Kantu hau kantatuko dut bi aldiz; eta lehenengo bueltan kantatzen duenari, emango diot karamelo bat’. Nik askotan esaten dut ni orduan gizendu nintzela… Ateratzen zuen sotanaren azpitik ‘Adoquín del Pilar’ izeneko karamelo haundi hura, eta denak neronek eramaten nituen! Belarri ona izan dut beti abestietarako.

 

Hiru alabekin konpartitu duzun zerbait da, abestearena.

Bai, hala da. ‘Artantxuriketan’ izeneko proiektua ere egin genuen, Juan Mari Beltranen eskutik. Eta haiekin baino lehenago, Imanol Kamiorekin aritu nintzen abesbatzan, urte pila batetan. Oso esperientzia polita izan zen; toki askotan ibili ginen, jende asko ezagutu genuen eta asko disfrutatu nuen.
Pandemia garaian utzi genuen ‘Artantxuriketan’, dena eten zenean. Gerora, senarraren gaixotasuna etorri zen aurrena, eta nirea ondoren. Esan zidaten aurreneko gauza, izan zen baserri giroko hautsak saihesteko. Eta artoak hauts haundia dauka. Orduan erabaki genuen gehiago ez egitea. Beste saioren bat egin beharko dugu konpromisoz, baina bestela kitto, bukatu zen hura.

 

Eta non ikusiko zaitugu aurrerantzean?

Nik uste dut Mitoaroa IIIrekin bukatua izango dela gure zikloa. Beste zerbaitetarako eskatzen badit, akaso baietz esango diot, baina pentsatzen dut hemen bukatuko zela nire bidea. Eta gainera izugarria izan da, ez dut gehiago espero. Merezi ez ditudan ohoreak eta aipamenak izan ditut dagoeneko.

 

Hurrena, seguru, Santiotan ikusiko zaitugu. Bereziak izango dira aurtengo jaiak.

Niretzako bai. Esan zidatenean suziria botako nuela, hala pentsatu nuen: ‘Hauxe bakarra da falta nuena’.

 

Nola bizi ohi dituzu Santioak?

Normalean, familia giroan. Familia haundia izan dugu beti, eta bazkaritxo bat egiten dugu. Feria egunekoa izaten da niretzat egun berezia. Etxeko produktuak hartuta joaten gara jendeari erakustera, eta oso egun polita izaten da. Jende pila bat etortzen da ezaguna, eta jende pila batek agurtzen zaitu.

 

Goizuetarra zara izatez, baina gazte etorri zinen Aranora.

Bai, 20 urterekin etorri nintzen. 50 urte egin behar ditut hemen, badira urte batzuk. Eta aprobetxatu nahi nuke eskerrak emateko aranoar guztiei eta nirekin gogoratu diren guztiei. Oso ohore haundia izan da niretzat.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!