Urteroko zita finkoa dira Aranoko Santioak askorentzat. Bertakoentzat bai, noski; baina baita inguruko herrietako makina bat bizilagunentzat ere. Hernaniko, Ereñotzuko, Goizuetako eta beste hainbat tokitako dozenaka aurpegi ezagutuko ditu txupinazora, pelota partiduetara, herri kiroletara, bertso saiora eta, nola ez, feriara gerturatzen denak.
Eta haiek guztiak bereziki pozik izanen dira aurten, asteburu bete-betean ospatuko baitituzte Santioak, egun patronala larunbatarekin tokatuta.
Gauzak horrela, lan astea modurik onenean bukatzeko, gaur arratsaldean emanen diete hasiera festei, Maixux Zugarramurdik suziria botatzearekin batera. Eta familia giroan pasako dituzte aurreneko orduak: gazte jolasak, norberak etxetik eramandakoarekin elkarrekin afaltzeko tartea, mus eta toka txapelketak, musika...
Baina familia giro goxo hori galdu gabe, asteburukoak izanen dira bi egun nagusiak, ohiko ekintza sorta politarekin. Bi egunetan, eguerdian eta arratsaldean elkartuko da jende asko, orduantxe izanen baitira hitzordu nagusiak. Santio egunez, pelota partiduak izanen dira bihar eguerdian, Arano-Goizueta desafioaren aurreneko kapitulua tarteko; eta herri kirolak eta bertsolariak arratsaldean.
Igande eguerdikoa izanen da beste klasiko bat, ekitaldirik jendetsuena beharbada: feria jarriko dute karpan, herritarren makina bat posturekin, mota guztietako produktuekin.
Eta ezin hobeto borobilduko dituzte aurtengo jaiak, arratsaldetik gauera: dantzariak, zezenak eta pottokak, Zapotxin 'etxeko' pailazoaren bisita, herri afaria eta bingoa.
SANTIOAK ASTEBURUAN
UZTAILAK 25, larunbata
10:30, Hernaniko dultzaineroak.
11:00, Meza, eta ondoren herri gurasoen hamaiketakoa.
12:15, Pelota partiduak:
Kadeteak:
A.Labaka-O.Arsuaga
A.Salaberria-A.Sagardui
Arano-Goizueta desafioa:
M.Leonet-O.Legarreta (A)
X.Salaberria-A.Apezetxea (G)
17:30, Herri kirolak. Aizkoran, Usurbilgo Esnal anaiak. Harrijasotzen, Orioko Galarraga aita-alabak.
19:00, Bertso saioa: Andoni Egaña, Xabat Illarregi, Agin Laburu eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Aritz Zerain.
Ondoren, Komerik erromeria taldea, afalordura arte.
21:30, Herri afaria, norberak eramandakoarekin.
00:00, Komerik erromeria taldea.
UZTAILAK 26, igandea
07:30, Gaupaseroen argazkia.
12:00, Feria eta tortilla lehiaketa.
17:00, Zezenak eta pottokak, Gorritiren eskutik.
18:30, Umore Ona dantza taldearen emanaldia.
Ondoren, Txokolatada.
20:15, Zapotxin pailazoaren emanaldia: 'Baratxuri zoparen sekretua'.
21:30, Herri afaria, norberak eramandakoarekin.
Ondoren, Bingoa.