Hiru egun ederrekin ospatuko dituzte Santio Jaiak Aranon aurten, ostiral arratsaldean hasi eta igande gauera bitarte. Maixux Zugarramurdi izanen da aurtengo omendua, eta berak botako du itxaferoa, ostiraleko 19:00etan, berarentzat oso berezia izan den urte eta erdia borobiltzeko.
Erraldoiak eta buruhaundiak aterako dira segidan, eta gazte jolasetan arituko dira herri afarira bitarte. Norberak eramandakoarekin eginen dute afaria, eta ederra izanen da afalostea: mus txapelketa, toka txapelketa eta musika.
Santio eguna larunbatarekin tokatuta, ederra izango da jaien bigarrena. Hernaniko dultzaineroek esnatuko dute herria 10:30etan, eta mezaren eta hamaiketakoaren ondoren izanen dira ohiko esku pelota partiduak, 12:15etan hasita: kadete mailako mutilena aurrena, eta Aranoren eta Goizuetaren arteko desafioa ondoren.
Arratsaldean, berriz, aizkolariak, harrijasotzaileak eta bertsolariak izanen dira protagonista. 17:30etan hasiko dira herri kirolak, eta 19:00etan puntako bertso saioa, Andoni Egañaren, Xabat Illarregiren, Agin Labururen eta Maialen Lujanbioren eskutik.
Norberak eramandakoarekin eginen dute herri afaria berriro, eta Komerik erromeria taldeak luzatuko du festa goizaldetik aurrera. Hainbeste, gaupaseroen argazkia egiteko zita jarri dutela iganderako, 07:30etan. Atseden hartzeko tartea izanen dute gero, 12:00etan eginen baitute ohiko feria eta tortilla lehiaketa.
Arratsalde ederrarekin borobilduko dituzte aurtengo festak: Umore Ona dantza taldearen emanaldia aurrena, zezenak eta pottokak ondoren, txokolatada ere bai, eta Zapotxin pailazoaren emanaldia azkenik. Herri afariak eta bingoak jarriko diete errematea Santioei.
Kontseju taberna zabalik egonen da festetan
Hutsik geratu dira Kontseju taberna hartzeko azkeneko lehiaketak, eta itxita jarraitzen du. Baina zabalik egonen da festetan, Jai Batzordearen eskutik. Janari zerbitzua ere izanen da.