Hutsik geratu zen Kontzeju taberna eta gaineko etxebizitza errentan hartzeko lehiaketaren bigarren deialdia ere, eta dagoeneko martxan da hirugarrena, zenbait aldaketarekin. Garrantzitsuena da udako eta neguko ordutegiak bereizi dituztela.
Udako ordutegia ekainaren 15etik irailaren 15era izanen da, eta aurreko deialdian aurkeztutakoa mantenduko dute: asteartetik ostiralera eta jaiegunen bezperatan 11:00etatik 23:00etara (bazkalostean bi orduko atsedena eginda); larunbat eta jaiegunetan 10:00etatik 00:00etara; eta igandeetan 10:00etatik 23:00etara. Astelehenetan itxita egonen da, zerbitzu ez presentzialarekin.
Neguan (irailaren 16tik ekainaren 14ra), aldiz, bi egunez egonen da itxita, astelehenetan eta astearteetan, zerbitzu ez presentziala eskainita. Gainerako egunetan, udako berbera izanen da ordutegia.
Proposamenak aurkezteko aukera, datorren ostegunera bitarte
Datorren osteguna izanen da proposamenak aurkezteko azkeneko eguna, ekainaren 18ko eguerdiko 12:30ak. Aranoko udaletxeko idazkaritzan aurkeztu beharko dira.
Aurkeztutako proposamenak epaimahaiak aztertuko ditu, arlo ezberdinak baloratuz. Eskaintza ekonomikoa 50 puntu izanen dira, eta eskaintza teknikoa beste 50 puntu: tabernaren kudeaketa plana 35 puntu, komunitatearen dinamizazioa eta arreta turistikoa 10 puntu, eta bestelako zerbitzu gehigarriak 5 puntu.
Urtebeterako kontratua izanen da, baina horren ondoren, beste lau urtez luzatzeko aukera izanen da.
Tabernarekin batera, bigarren solairuko etxebizitza, biltegia, lokaleko ekipamendua eta bi terraza erabiltzeko aukera izanen da, kontratu beraren baitan.
Pleguak eskuragarri daude arano.eus atarian, eta informazio gehiago lortzeko, Aranoko Udalera deitu daiteke (948 51 40 45).