«Ezin dugu onartu Ikatz Ganek aurrera egitea, Aranoko herriaren gainbehera ekarriko luke»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 15a

Aranoko herritarrak, igandean egin zuten elkarretaratzean.

Aranoko Udalak salatu du «inpaktu izugarria» izan eta «herriko bizitza eta bizimodua erabat kaltetu» eginen lituzkeela proiektu eolikoak.

 

Herritarren kezka azaleratu du Aranoko Udalak, Ikatz Gane proiektu eolikoaren inguruan. Izan ere, nabarmendu dute Hernaniko lurretan izan arren, «Aranoko herrigunetik oso gertu» egin nahi dutela proiektua, «200 metrotik gorako bost aerosorgailurekin»; eta diote horrek «herriko bizitza eta bizimodua erabat kaltetu» eginen lukeela, natur ondareari, bertako faunari eta iturburuei zuzenean eragin, eta «inpaktu izugarria» izan.

Horregatik, mezu garbia helarazi du Udalak: «Ezin dugu onartu Ikatz Gane proiektuak aurrera egitea, Aranoko herriaren gainbehera ekarriko lukeelako». Proiektuaren kontrako iritzia azaltzeko elkartu ziren herriko hainbat eragile aurreko igandean, herriko plazan: «Edo atzera bota, edo Aranorenak egin du. Ez du inork hemen bizi nahiko edo bertako taberna, mendi edo bestelako zerbitzuetara inguratu nahiko. Herrigunetik bista-bistan eta oso gertu proiektatu dituzte aerosorgailuak, eta gure buru gainean izanen ditugu beti».

Udalak salatu du, Aranoko bizitzan eta aranoarren bizi-kalitatean «eragin oso kaltegarria» izanen duela, «egunero ikusiko bailituzkete, eta baita ozen asko entzun ere. Herrigunerako distantzia eta aparatuen dimentsioak kontuan izanda, itzala ere egingo lukete herriko plazan, eta nonahitik entzunen genituzke».

Horrekin batera, adierazi dute «konpondu ezinezko kaltea» izanen lukeela proiektuak «bertako megalitoetan eta kultur ondarean, iturburuetan, eta faunan eta floran». Horiek kontuan izanda ari dira prestatzen Ikatz Ganeren kontrako helegiteak.

 

Sinadura bilketa Aranon, eta mozioa Hernaniko Udalean

Aranoko Udalak aditzera eman du, bestalde, sinadura bilketa ere egin dutela Aranon, «herriak mugitu beharko duela ikusita, eta herritarren iritzia jakiteko». Aranoarren %96ak sinatu du Ikatz Gane proiektuaren kontra, «herriak eta herritarrek duten iritziaren seinale».

Era berean, Udalak azaldu du, «egoeraren larria ikusita», proiektuaren kontrako mozioa aurkeztu zuela martxoaren 23an Hernaniko Udalean, eta mozioa babesteko eskatu ziela Ereñotzuko Auzo Udalari eta Goizuetako Udalari ere. «Mozioa ez da oraindik Hernaniko Udal Batzarretik pasa», diote.

Eta azkenik, Aranoko Udalak azpimarra jarri du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak proiektuaren kontra prestatutako helegitean: «3.512 herritarrek eman dute babes-sinadura, asko eta asko Hernanikoak».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!