Otsailean jarri zuen martxan Aranoko Udalak, Kontzeju taberna eta gaineko etxebizitza errentan emateko lehiaketa publikoa. Deialdia hutsik geratu zen, ordea, eta bigarrenez zabaldu dute, baldintzetan aldaketa bat eginda, ordutegiei dagokienean: astelehenetan, eguna libre edukitzeko, aukera izanen da zerbitzua ez presentziala izateko. Esate baterako, aldez aurretik menua eskatzen dutenei, ontzietan prest uztea egun horretarako. Horrekin lotuta, gainera, aurrera begira badauka proiektu bat buruan Udalak, egunerokoan eramateko menuen zerbitzua eskaini dadin, eta bertaratzeko aukerarik ez dutenei, adinekoei adibidez, etxera edo baserrira eramateko.
Gainerakoan, asteartean eguerdiko zerbitzua eskaini beharko luke Kontzeju tabernak, 12:00etatik 16:00etara; eta asteazkenetik igandera egun osokoa.
Apirilaren 7an zabaldu zuten eskaintzak aurkezteko epea, eta hilaren 22ko 12:30ak arte izanen da horretarako aukera, Aranoko udaletxean. Bertan emanen dituzte lehiaketari buruzko zehaztasun guztiak, eta halaber, baldintzak bere osotasunean daude ikusgai ondoko helbidean: labur.eus/kontzeju2.
Urtebeterako kontratua, beste lau urterako luzatzeko aukerarekin
Aipatu bezala, taberna ez ezik, eraikineko bigarren solairuko etxebizitza ere emanen dute errentan, eta baita beste zenbait espazio eta elementu ere: tabernaren atariko terraza portxearekin, beheko terrazaren zati bat, biltegia, eta tabernako zein etxebizitzako altzariak.
Aurkeztutako proposamenak kontratazio mahaiak baloratuko ditu, eta puntuazio altuena jasotzen duenari esleituko diote. Urtebeterako kontratua izanen da hasieran, baina dena ondobidean, beste lau urterako luzatuko lukete urtea bukatuta.