Itxita dago Aranoko Kontzeju taberna une honetan, baina dena ondobidean, laster izanen da zabalik berriro. Izan ere, gaur jarriko dute martxan taberna errentan hartzeko lehiaketa publikoa. Horretarako interesa dutenek, bi asteko epea daukate proposamenak aurkezteko, otsailaren 25eko 12:30ak arte. Aranoko udaletxean aurkeztu behar da dokumentazioa, eta bertan emanen dituzte lehiaketari buruzko zehaztasun guztiak ere. Pleguak ikusgai daude interneten, ondoko helbide honetan: labur.eus/kontzeju.
Kontzeju taberna ez ezik, eraikineko bigarren solairuko etxebizitza ere emanen du Udalak errentan lehiaketarekin, eta barne hartuko ditu tabernaren atariko terraza portxearekin, beheko terrazaren zati bat, biltegia eta tabernako zein etxebizitzako altzariak ere. Tabernak 55-60 lagunentzat dauka tokia barruan.
Urtebeterako kontratua izanen da hasieran, baina hori bukatuta, beste lau urterako luzatuko lukete, dena ondo joanez gero. Aurkeztutako proposamenak kontratazio mahaiak baloratuko ditu, 100 puntura arte. 50 puntu izanen dira eskaintza ekonomikoa, eta beste 50 puntu proposamen teknikoa: tabernaren kudeaketa plana (35 puntu), dinamizazio komunitarioa eta arreta turistikoa (10 puntu) eta bestelako zerbitzu gehigarriak (5 puntu).
Egunero ematen du zerbitzua Kontzeju tabernak. Astean zehar herriko mugimendua izaten da, eta asteburuetan eta jaiegunetan bisitari asko izaten dira: bigarren etxea bertan dutenak eta egunpasa joandakoak, besteak beste. Egun horietarako izanen du tabernak ordutegi zabalena.