Korneta eta kaxkabilo soinuak bihotzean... Gora herri txikietako iñotiak!

Ainhoa Ansa Zugarramurdi 2026ko otsailaren 6a

Duela hamarkada batzuetako zahagi dantza. Aurora Perurenak utzitako argazkia.

Kronikatik Aranoko iñauteriei buruz zerbait idatziko ote nuen galdetu zidatenean, esan behar dut ilusio handia egin zidala. Baina aitortu beharra daukat, egun batzuk pasatu ditudala esan nahiko nituzkeen gauza guztiak nire buruan ezin antolatuz! Kronika bat eta erdi beharko nituzke Aranoko karnabalak niretzako zer diren azaltzeko! Hainbeste gauza kontatu nahiko nituzke… hainbeste oroitzapen elkarbanatu… 

Hamaika urte izango nituen nik herriko nire inguruko gaztetxoak aztoratuta-edo sumatu nituenean. Urte hartan ez omen zuten herriko gazteek puska biltzera (baserriz baserri eskera) ateratzeko asmorik eta, karnabalak kolokan ikusten zirenaren kontua zabaldu zen herrian. Urte horretan, festa hau galtzeko beldurrez nonbait, herriko gaztetxoek erreleboa hartu zutela ulertu nuen, eta niretzat hura izan zen zomorro ateratzen nintzen lehen aldia. Galtza zuriak, aita eta osabenak izandako blusa koloretsu bat eta zapela gorria jantzita murgildu nintzen, zomorroen taldera, eta etxeko armairu zaharrean kornetak bilatuta, horrela estrenatu nintzen ni behintzat, ahizpa zaharragoaren arrimuan. 

Karnabalak (hemendik aurrera iñotiak deitu nahiko nieke, lehen Aranon deitzen omen zitzaien bezala) poliki-poliki urteko egunik zirraragarriena bihurtu dira niretzat, urtetik urtera, herritar guztiengan sortzen den giroak erabat sorginduta.

Esango nuke iñotiek, Aranon, aldaketetara egokitzen jakin dutela. Esango nuke, adinekoei galdetuz, errekuperatzen saiatu garela galduta genituela susmatzen genuen detaile batzuk, eta susmorik ez genuen beste batzuk ere bai ustekabean. Esaterako, zahagi dantzaren bigarren doinua eta trajearen blusa zuria (atzean zintak zintzilik dituena beste detaile gehiagorekin)… Eta esango nuke, baita ere, herriak indarrak galdu izan dituenetan erreleboari bidea ematen asmatu dugula, gaur egun bizi ditugun iñote parte hartzaile eta anitzak (dibertsoak) eraikitzeraino. 

Aurreratu ziren astebetez, aldatu ziren igandetik larunbatera, mutil gazte ezkongabeak bakarrik onartzen ziren lekuan, neska gazteak ere sartu ziren zomorro taldera. Sartu ziren, lehen esan dudan bezala, ume eta gazteak ere… Egin izan dira beste herrietan erakustaldiak, herriko gazteenak eta adinekoak bilduz kontakizun saioak, desfileak, argazki erakusketak… Eta zahagi dantzari dagokionez, egon dira geroxeago kontu gehiagorekin azaltzea merezi duten hainbat eraldaketa esanguratsu! 

Goizeko puska biltzera bueltatu nahiko nuke berriz, izan ere, zomorroez gain, bestelako 'zomorrotuak' ere izaten dira urtero... Nik, atzera begiratuta, begi ninian gordeta ditut asto eta guzti atera zen emakume andaluz gona gorria (berak jakingo du hartaz ari naizela), ahuntzarekin atera zen basamortuko gerrillaria, ardi larrua eta akerraren adarrak buruan zituela atera zena, toreroak, Txinpoza (Zapotxin lagunaren lehengusina) eta azken aldera makroeolikoen kontrako herriko mugimenduarekin bat eginez, eolikoa bera eta haren laguna: horrelako txikizioa egitera ausartuko litzatekeen espekulatzaile trajeduna…

Alaia da goizeko ibilera. Eta politena baserrietako jendeak zomorroei egiten diguten harrera. Trikitilari eta panderojoleek poza airean zabaltzen dute, eta jende oso ona izan dugu beti bidelagun puska biltzean. Barkatuko al didate aurretik ibilitako artista handi guztiek, baina azken urte luzeetan gurekin izan ditugun lagunak, Izer eta Alabier, aipatu gabe ez nituzke utzi nahi! Bizi arteko ahozko kontratua hitzartua daukate-eta zomorroekin! Gaueko lanetik zuzenean etorrita ere, urtebetetze eguneko plan hobeagorik ez balute bezala, familiako bihurtuak ditugu honetaz gero… 

Bazkaltzera eguerdia ongi pasata ailegatzen gara herrira, eta herritar batzuek, urtez urte, borondatez eta mimo guztiz prestatzen digute otordua. Bazkaltzeko denbora juxtukoa izaten da baina ondoren kantari aritzeko tarteari ez diogu muzinik egiten. Motza egiten zaigu bazkal ondorea, berehala zahagi dantza prestatzen hasi behar izaten baitugu. Aitortuko dut batzuetan ez dugula ziurtasunik izaten zein aurreratuko diren zahagi dantzako bi protagonisten paperean aritzera. Sekreturik sekretuena balitz bezala gordetzen da batzutan detaile hori… Baina gazteengan konfidantza guztia jarrita daukagu! 

Harrotzen gaitu gazteek eta haurrek zahagi dantzaren tartea bereganatu izanak! Herria eta honen izaera bizirik mantenduko badira, etorkizuneko bizilagunek hau eraikitzeko ilusioa behar dute. Zahagi dantzak badauka bere hezurdura eta badauka bere istorioa. Oinarrian bi lagunen arteko maitasun eta gorroto istorio bat kontatzen da, eta inguruko zomorroek makilaz laguntzen di­e­te bi pertsonaiei doinu eder ba­te­kin. Batek darama zahagia, besteak makila. Baina honetan busti beharra daukat: parodiak pa­rodia modura ulertu behar ba­dira ere, nik zahagi dantzaren eraldaketan sinisten dut. Lehen aldiz bi emakumek parte hartu zutenean bezala, orain dela urte batzuk jada, ordura arteko moldeak apurtuz. Maite ditut haurtzaroan bizi izandako zahagi dantza haiek, baina emakume haiek ere historia egin zuten, eta bestelako zahagi dantza bat ere posible zela erakutsi. Bizia, zakarra, saltseroa, zirikatzailea… izan daitekeela, oinarrizko balioak urratu gabe. Eta gazteek ere badute honen gaineko hausnarketaren berri, herrian iritzi kontrajarriak sortzen baditu ere… 

Eguna bukatzeko, zahagi dan­­tzaren ondorengo doinuak itzaltzearekin, herri afariaren tenorea ailegatzen da. Herria lasai sumatzen da. Lehen etxeetan harrera egin diguten herritar guztiak zomorroekin afalduz elkartzera gonbidatuak egoten dira eta lujo bat izaten da, egia esateko, kantu, bertso, musika… doinuekin bat eginez festa giroari bukaera denek batera ematea…

Gustatzen zait ohitura zaharrak bizi-bizi mantentzen direla ikustea, aspaldian erabiltzen ez ziren hitzak berriz jendearen ahotan entzutea, aranoarrek herriko festetan gozatzen dutela sentitzea eta galtzear egon ziren iñotiak gaur egun osasuntsu daudela ikustea. Gustatzen zait musika, dantza, arropa, konplementoak, burduntzia, saskia, poltsa, giroa, korneta eta 'kaxkabilo' soinua… herrian zomorroen zain egoten den jendea bere etxeetan bisitatzea, eta gaueko herri afarian elkartea gainezka ikustea. Eta maite dut gauean, dantzan leher eginda etxeratu eta lotarako zomorro trajea kentzerakoan, txintxarri eta kaxkabiloen soinuak belarrian uzten duen hustasun eta aldi berean betetasun sentsazioarekin lotara harro sartzea. Gora herri txikiak eta herri txikietako iñotiak!!!

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!