«Espero dugu dena normalitatera bueltatu dela esango dugula laster»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ira. 21a, 00:00

Ustekabeko oztopoarekin hasi dute ikasturtea Aranon: eskolara joateko garraio zerbitzurik gabe egon dira lehenengo asteetan. Konponbidea gertu duten hontan, egoerari buruz hitz egin dute gurasoek Kronikarekin. 

Eskolara joateko garraio zerbitzurik gabe hasi zenuten ikasturtea Aranon. Zer dela eta?

Ikasturtea hasi baino pare bat aste lehenago Goizuetako eskolako zuzendaritzatik jakinarazi ziguten Aranoko ikasleen gurasooi, gure umeen eskola garraioa, autobusa izatetik taxia izatera pasa nahi zutela Nafarroako Gobernutik. 5 ume izatean, hori zela erabaki zena eta jakinarazi ziguten, Goizuetako Udalak taxi lizitazioa abian zuela baina irailaren 9ra arte ez zela horretara aurkezteko epea amaitzen. Horrela, irailaren 4ean hasi ginen gure umeak eskolara guk gurasook eraman eta ekarriz, beste konponbiderik eskaintzen ez zigutenez.

Zein da horrek herrian izan duen eragina?

Pentsa, ondoko herrira joatea egokitzen zaiela gure umeei eta horrek bere zailtasunak dituela bestela ere; goizago mugitu beharra, bidea, arriskua, berandu etxeratzea... Horri gainera, gurasook, gure lanak eta eguneroko zereginak utzita egunean bi buelta egitea gehitzen badiozu, familioi ekarri digun gainkarga eta kezka nabaria izan da.

Nola antolatu zarete konponbidea emateko?

Ahal dugun bezala, egia esateko. Lana lana da eta batzuetan ezinezkoa da nahi/behar den guztietan hartatik libratzea. Umeak elkarrekin eramaten saiatu gara gehienetan, baina 5 ume izatean, bi kotxe edo plaza gehiagoko bat behar da. Hortaz... Ba ahal dugun bezala moldatu behar izan dugu.

Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarriko zineten noski... Nola izan da haiekin elkarrizketa?

Herriko Udalari eskaera luzatu genion gurasook, handik egoera konpontzen lagun zezaten. Haiek Garraio Sailarekin, Hezkuntzarekin, Inklusioarekin,... negoziatzen aritu dira. Eskola ere hasieratik egoera gure alde konpontzen saiatu da eta eskertzekoa da.

Eta zein da jaso duzuen erantzuna? Zein da ematen dizueten justifikazioa/zergatia?

Hasieratik guk moldatu beharko genuela esan ziguten eta horretarako bazirela laguntza ekonomikoak norbanakoaren eskura. Honek ez zigun arazoa konpontzen, ordea, eta izan genuen beste proposamen bat ikasturtea hasi bezperan, gurasook gogorrean jarri ginelako. Proposamen horretan, Goizuetako baserrietako umeak garraiatzen dituen taxiak ibilbidea goizago hasi eta goizeko 07:30etan jaso zitzakeela zioten Aranoko umeak. 08:00etan eskolan utzi edo ez airean uzten zuten (eskolak 09:00etan hasten dira Goizuetan). Eta bueltakoan, Goizuetako baserrietako umeak beren etxeetara eraman ondoren, Aranokoak eskolan jaso eta herrira 16.30ak inguruan ekartzea proposatzen ziguten. Horrek esan nahi du, DBHn dabiltzan 4 umeak bazkaldu gabe etorriko zirela garai horretan, eta hauek zein 8 urte egitera doan neskatxoa, bidean behar baino ordu bat gehiago egitera behartuak egingo zirela goizean, eta beste bat arratsaldean. Guk ez genuen proposamen hau inolaz ere onartu nahi izan. Eta egoera ulergaitzagoa egiten zitzaigun, jakinda Aranoko Taxi lizentzia indarrean dagoela baina ezin zela gure beharrak asetzeko erabili.

Proposamen hura ez onartzeak ze ondorio izan zituen?

Eskolara umeak bidaltzekotan, gurasook egin ditugu egunean bi buelta, eta gurasoak, Aranoko Udalak, Eskolak, eta Goizuetako Udalak ere gero,... presioa egiten jarraitu dugu. Bilera hauetan, bi Udalek autobus bat beren kontura jartzeko ideia ere atera zen. Udalak hau egiteko prest baziren ere, azkenean, Inklusio sailaren txosten bat eskatu zen, ume hauen artean behar bereziak dituenik badelako eta sail honetatik ikusten zelako ume hauen joan etorrien kudeaketan hutsuneak nabari zirela. Eta txosten horrek bultzatuta, urriaren 15era arte (taxiaren kontratazioa ordurako martxan izango dela suposatuz), autobus zerbitzua jartzea onartu dute azkenean.

Azaldu behar da, Goizuetako taxi lizentziaren lizitazio honetara hautagai bat aurkeztu zela eta eskatutako baldintzak betetzeko esfortzu handia egiten ari direla, baita epeak ahalik eta azkarren betetzeko ere.

Bestalde, gehitu nahiko genuke, Inklusio Sailaren txosten horretara jo beharrik gabe ere, uste dugula gaiak merezi zuela bestelako konponbide bat ematea hasieratik. 

Zer espero duzue hemendik aurrera?

Espero dugu, datorren astean zehar, agindu diguten bezala, autobusa etortzen hasiko dela eta urriaren 15erako Taxia martxan jarri ahal izango dutela bata bestearekin lotuz. Espero dugu dena normalitatera bueltatu dela esango dugula laster.

Bide batez, espero dugu herri txikietako ezaugarriak kontutan izango dituztela hemendik aurrera eta ez dituztela arinkeriaz hartuko bertan bizi garenon beharrizanak. Herri txikiak bizirik nahi baditugu, zerbitzu hauek ezin ditugu galtzen edo kolokan jartzen ikusi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!