Egun ederra izan zen joan den larunbatekoa, Aranon: animazio haundiz ospatu zuten San Roke eguna. Txistuaren erritmoan eta doinuan, ermita bete egin zen Iñaxio Azkuaga parrokoak emandako Meza Santua entzuteko. Hainbat lekutatik etorritako hamar txistulari bildu ziren, eta aranoarrak animatu zituzten egun osoan zehar. Parte hartu zuten txistulariak honako hauek izan ziren: Patxi Apezetxea, Garbiñe Tijero, Boni Agirresarobe eta Joseba San Sebastian hernaniarrak; Goizuetatik joandako Jexux Loiarte; Pasai Donibaneko Juan Antonio Laboa; gero omendu zuten Modesto Lasa aresoarra; Juanmi Saizar leitzarra; Alejandro Egurbide getariarra; eta Berastegiko Felix Azpiroz. Meza amaitu ondoren, baselizaren ondoan, Aranoko Udalak hamaiketakoa eskaini zien bertaratuei, txistuaren doinuek erromeria alaitzen zuten bitartean. Giro ederrean egin zuten herri bazkaria, eta bertan omendu zuten Modesto Lasa txistularia, urte hauetan guztietan festan parte hartzeagatik. Agur jaunak eta andreak abestuz amaitu zuten eguna.