Joan den urtean berak bota zuen jaietako txupinazoa, eta aurten ez du hutsik eginen: Santiotako azkeneko arratsaldea alaituko du Zapotxinek, 'etxeko' pailazoak. Ez da bakarrik etorriko oraingoan, gainera: Maripanpalona laguna izanen da berarekin batera, eta ikuskizun musikala eskainiko dute elkarrekin, arratsaldeko 18:30etan hasita.
Emanaldi berezia prestatu dute Santiotarako, berezia baita Aranon aritzea, haientzat ere. Horrela, 'Baratxuri zoparen sekretua' ikuskizuneko abesti berriak kantatuko dituzte, baina baita aurreko urteetako kantu ezagunenak ere, herriko haur, gazte eta helduen gozamenerako, guztiek elkarrekin abestu ditzaten. Ez dira faltako euskal kantu herrikoiak ere.
«Plazerra da guretzat Aranora, gure etxera, urteroko bisita egitea. Aurtengoan, Maripanplona sorgin alaiarekin», azaldu du Zapotxinek: «Koloreak airean ederki pasako dugu kantu eta dantza! Lamixanek ere ziur jarraituko dituela gure doinuak Lamioxin putzutik!».