Jaki goxoenen 'katerina' izanen da larunbateko feria, beste behin

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 23a, 00:00

Jaki zein edari, denak hartzen bixi ibiltzea komeni, badaezpada ere...

Tortilla, urdaiazpikoa, gazta, gixatuak, albondigak, txorizo egosia, bizkotxoak, tartak... Denetik izaten da urtero Aranoko ferian, eta tripa ederki beteta ateratzen dira denak karpapetik. Artisau postuak ere badira tartean.

Larunbat eguerdian eginen dute feria aurten, Santio Jaien bigarren egunean; eta ziur herritar askok daukatela agendan gorriz markatuta. Izan ere, urtero bertako eta kanpoko jende andana bertaratzen da frontoiaren ondo karpapera, giro ederraz gozatu... eta tripa bapo betetzera.

Jaki goxoenen 'katerina' izaten baita Aranoko feria, herritarrek jartzen dituzten postuekin. Haiek prestatutako tortillak, albondigak, txorixo egosia edota gixatuak izaten dira aukeran, baita urdaiazpikoa zein gazta ere, sagardoa aukeran, eta bukatzeko, postre aukera zabala, bizkotxo eta tarta artean.

Artisautza lanen postuak ere izanen dira tartean: egurrezko lanak, tazak, pitxiak, giltzatakoak, xaboiak...

Eta nola ez, tortilla lehiaketa ere eginen dute, feriari saltsa gehitzeko. Ea aurten zeinek prestatzen duen herriko tortillarik goxoena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!