Klasiko bat da Aranoko Santiotan eta Goizuetako Amabirjinetan, bi herrien arteko esku pelota desafioa. Bikote bana jartzen dute lehian, eta bi herrietako festetan jokatzen dute partidu bat urtero. Aurtengoa ez da izanen salbuespena: Santio egunez jokatuko dute aurreneko desafioa etzi, txupinazoa bota eta ordubete ingurura. Egoitz Olaizola eta Mikel Leonet izanen dira etxekoen ordezkariak, eta ez daukate lan erraza lehenengo garaipena Aranon geratu dadin. Izan ere, bikote indartsua osatu dute goizuetarrek zitarako: Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak jokatuko dute.
Haien aurretik, beste partidu bat ere jokatuko dute, kasu honetan neska gazteen artekoa; eta horrek ere izanen du tokikotasun lehiatik pixka bat: Araitz Legarreta aranoarrak eta Alize Sagardui goizuetarrak ordezkatuko dute bailara, Ainitze Arratibel lazkaotarraren eta Larraitz Galardi oiartzuarraren aurrean.
Herrien artekoa ez, lurralde artekoa izanen da 'pikea', larunbat arratsaldeko herri kiroletan. Ohikoa da bi bikoteren arteko lehia aizkoran, eta halaxe ariko dira aurtengoan ere: 'Palaxio' eta Mikel Santesteban batetik, eta Joseba Izeta eta Haritz Esnal bestetik. Horraino primeran, baina apuntetxoa jarri nahi izan diote egitarauari... Nafarra da aurreneko bikotea, eta gipuzkoarra bigarrena. Kontuan hartuta ikusleen artean ere bi lurraldeetakoak izanen direla, sortuko du saltsa aizkolarien desafioak.
Joera ikusita, ez harritu bertsolariak ere elkarren arteko lehian jartzen badituzte ostiral arratsaldean, bikoteka edo. Tira, hasiera batean ez daukate lan erraza herrika edo lurraldeka banatzeko: hernaniar, andoaindar, markina-xemeindar eta gorritiar bana ariko dira kantuan etzi. Baina horretan saiatuz gero, asmatuko dute zerbait! Beraz, Soto, Ibarzabal, Mendiluze eta Rekondo... ibili tentuz!