Zita polita izango da larunbat gauekoa, musikaren bueltan. Urtebeteren ondoren, berriro eginen dute topo Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthor Viñas (Hekthor Folk) trikitilariek, eta Aranoko herritarrek. Izan ere, joan den urteko Santio Jaietan ere izan zen hirukotea, eta ez zen nolanahikoa izan erromeria hura: estreinako emanaldia zuten Rotetak, Valdesek eta Viñasek elkarrekin, 2024an bertan hasi baitziren batera jotzen. Trikitiak elkartu zituen, EAEko lurralde banatakoak baitira: gipuzkoarra Roteta, bizkaitarra Valdes eta arabarra Viñas.
Ordutik, beste hainbat plazatan aritu da hirukotea. Aurtengo martxoan, esaterako, Aristerrazuko erromeria famatuetako bat eskaini zuten haiek, Aiako Andatza auzoan.
Gauzak horrela, eta Santiotan hasitako bideak etenik izan ez duenez, errepikatu eginen dute aurtengo festetan ere. Debutak beti direlako bereziak, eta gustura bukatu zutelako iazkoa musikariek eta entzuleek. Larunbat gaueko erromeria eskainiko dute haiek, 23:00etan hasita, herri afariaren ondoren. Etxean bezalaxe ariko dira Aranon.
Ez da Santiotako erromeria bakarra izanen, eta badauka bere berezitasuna edo xelebrekeria, besteak ere: Komerik taldeak eskainiko du, ostiral gauean. Hain juxtu, hernaniar eta urnietarrek osatutako taldeak eskaini behar zuen iazko erromeria hura, baina azken orduko kontuak tarteko, aldaketa egin behar izan zuten, eta haien ordez aritu ziren Roteta, Valdes eta Folk.
Aurtengoan ez du hutsik egingo Komerik erromeria taldeak, eta Hernanin hainbat gau girotu ondoren, Santio egunekoari jarriko diote martxa Aranon, bihar gaueko 23:00etan hasita.
Ezberdina izanen da festetako hirugarren gaua, igandekoa. Orduan ere eginen dute herri afaria, norberak etxetik eramandakoarekin; baina erromeria doinuen partez, zalaparta nagusituko da. Izan ere, bingoan ariko dira herritarrak, kartoitxoa nork lehenago osatuko, aurtengo Santio Jaiei bukaera emateko.