Ostiral eguerdian hasiko dira Aranoko Santioak, baina ostegunean ere jarduera bereziak izango dira herrian

Kronika - Erredakzioa 2025ko uzt. 21a, 00:00

Txupinazoaren ondoren aterako dira erraldoiak eta buruhaundiak.

Ostegun arratsaldean lagun arteko pala txapelketako ligaxka hasiko dute frontoian. Ondoren, herria apainduko dute festetarako, eta herri afari baten bueltan elkartuko dira gauean, norberak eramandako janariarekin.

Atzerakontua martxan dago jada! Oso egun gutxi geratzen dira Aranoko Santioak hasteko, eta herrian dagoeneko sumatzen da festarako gogoa. Aurtengoan ere jarduera ugari prestatu dituzte, eta adin guztietako pertsonek izango dute gozatzeko aukera.

Ostegun arratsaldean bertan prestatuko dute herria egun haundietarako. Auzolanean apainduko dituzte txoko guztiak, eta herri afaria egingo dute ondoren, indarrak berreskuratu eta festari ekiteko.

Jaiak Santio egunean bertan hasiko dira ofizialki, 12:00etako itxaferoarekin. Jai giroa aldarrikapenarekin uztartu nahi izan dute aurtengoan, eta Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimena arduratuko da suziria pizteaz.

Goizean zehar Hernaniko Dultzaineroen bisita izango dute Aranon, eta suziria lehertzearekin batera erraldoiak eta buruhaundiak aterako dira bertakoen bizkarrak ondo berotzera.

Frontoiko plana ere egun osokoa izango da ostiralean. goizean bi pelota partidu jokatuko dituzte eta arratsaldean lagun arteko pala txapelketako finala izango da bertan.

Ondoren, 19:00ak aldera, pelotak eta palak gorde eta bertso saioaren txanda izango da. Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Andoni Rekondo arituko dira kantuan, Aritz Zerainen gaiei erantzunez.

Egitarau osoa, webgunean eta ale berezian

Kronikak Santio Jaiei buruzko ale berezia argitaratuko du asteazken honetan, eta bertan ikusgai izango dira Aranoko eta Astigarragako egitarau osoak. Kronikaren webgunean ikusgai daude jada.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!