Ozen adierazi dute aranoarrek, azkeneko hilabeteotan, herriaren inguruan planteatzen ari diren makroproiektu eolikoen kontrako jarrera. Eta bide horretan, beste hitzordu bat jarri dute gaurko, egun osorako plana prestatuta. Goizetik iluntzera, ekintza ugari prestatu ditu Urumeako Mendiak Bizirik taldeak, Aranoko Udalaren laguntzarekin.
Hasteko, 'Vidas irrenovables' dokumentala jarriko dute elizan, goizeko 11:00etan hasita; eta ondoren, solasaldia egingo dute Francisco Javier Vaquero zuzendariarekin. Dokumentalak jasotzen du, zer nolako egoerak ari diren ematen Espainiako landa eremuan, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatzeko lanetan: «Ekosistemak, ekonomiak eta gizarteak txikitzen ari dira. Administrazio publikoen planifikaziorik ezak eta kudeaketa negargarriak arrisku larrian jarri dute landa eremuaren biziraupena. Ingurumena salbatu eta herrietako bizitza berpiztu behar zuena, paradojikoki ari da kontrakoa egiten. Egoera kezkagarri horren aurrean, pertsona asko ari dira kontra egiten eta haien bizitza ematen, beraien lurraldeak ez hiltzeko eta egoera geldiarazteko».
Mendi martxa eguerdian, aerosorgailuen kokalekuetara
Dokumentalaren emanaldia eta solasaldia bukatuta, oinez abiatuko dira aranoarrak, mendi aldera. Izan ere, mendi buelta egingo dute, 12:30ak aldera hasita, Arano inguruan aerosorgailuak jarri nahi dituzten kokalekuetara, aurkeztutako proiektu eolikoen arabera. Puntu horietan, proiektuek jasotako datuak eta informazioa emango dituzte aditzera, bertan aerosorgailuak jartzearen inpaktua irudikatzeko.
Martxa horretan, geldialdia ere egingo dute 14:30etan, Burningo bordan; eta pintxoak eta salda izango dituzte eskuragarri partehartzaileek. Gainera, Tapia, Jon Mari, Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute mokadua.
Arratsaldeko 16:30ak aldera itzuliko dira herrira, kalejiran. Eta azkeneko hitzordu bat izango dute herrian bertan, gozatzeko modukoa. 18:00etan hasita, bertso saioa eskainiko dute Aitor Mendiluzek eta Julio Sotok, eta berezia izango da: balkoitik balkoira ariko dira bi bertsolariak kantuan, herriko etxeko plazan.
Pankarta, makroproiektu eolikoen kontra
Bestalde, irudi bat sortu dute aranoarrek, islatzeko zer nolako itxura hartuko luketen inguruko mendiek, makroproiektu eolikoak gauzatuz gero. Orrialde honen goikaldekoa da irudia, hain juxtu. Eta horrekin, pankarta erraldoi bat egingo dute, plazan zabalduko dutena.
Irudi panoramikoa da, Aranotik ikusita; eta inguruko mendietan ageri dira 15 aerosorgailu eta azpiestazio elektriko bat, Repsolek aurkeztutako 'Erreka' proiektuan jasota dauden bezalaxe.
EOLIKOEN INGURUKO EGITARAUAARANON GAUR, martxoak 15 11:00, 'Vidas irrenovables' dokumentalaren emanaldia, eta solasaldia Francisco Javier Vaquero zuzendariarekin. 12:30, Mendi buelta, aerosorgailuen kokalekuetara. 14:30, Pintxoak eta salda Burningo bordan, Tapia, Jon Mari, Izer eta Alabier trikitilariekin. 16:30, Herrira itzulera kalejiran. 18:00, Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsotan, balkoitik balkoira, herriko etxeko plazan. |