«Beharraren arabera joan dira gauzak aldatzen Aranoko Inauterietan, naturaltasunez»

Kronika - Erredakzioa 2025ko ots. 22a, 00:00

Maixux Zugarramurdi, Ana Mari Ansa, Aurora Perurena, Joxefina Olaetxea eta Iñaxi Zabala, Kronikarako elkarrizketan.

Gaur ospatuko dituzte Inauteriak Aranon. 08:00etan abiatuko dira Zomorroak Surotik, eta egun osoan izango da festa giroa herrian. Festaren bilakaera ezagutzeko, Arano ederki ezagutzen duten sei bizilagunekin elkartu da Kronika.

Asteazken eguerdian Aranora gerturatu eta Maisuenen topatu ditu Kronikak herria ezinhobeto ezagutzen duten sei bizilagun. Ohiko hitzordua dute Maixux Zugarramurdik, Ana Mari Ansak, Aurora Perurenak, Joxefina Olaetxeak, Iñaxi Zabalak eta Ainhoa Ansak; Jubilotekan hamaiketako eder baten bueltan elkartu eta kontu kontari aritzeko unea. Oraingoan, ordea, tortilla puskez, kafesneaz eta sagardoaz gain, badago zerbait gehiago mahai gainean; argazki zaharrez josita dago Maisueneko mahaia, eta horietan agertzen diren pertsonen janzkera ikusita, dudarik gabe, Inauterietako argazkiak dira. 

'Begira, begira hau zein den', 'Milrayas galtzekin atera nitzanekoa hor dago!', 'Hau Xauxarretik gorako bidea da', 'Poltsa horrek ehun urte izango ditu dagoeneko!'... Argazkiei begira garai zaharrak oroitzen ari dira seiak, barreak eta hausnarketak tartekatuta. Arano eta Goizueta inguruko festen bilakaera oso gertutik ezagutu dute, eta nabaritzen zaie Inauteriek, oraindik ere, zirrara haundia sortzen diela gorputzean. 

Gaurko egunez ospatuko dituzte Inauteriak Aranon. Goizeko 08:00etan abiatuko dira Zomorroak Surotik, eta goiz osoan zehar baserri guztiak bisitatuko dituzte herrian. Zahagi dantza arratsaldeko 18:00etan hasiko dute, bazkalostean. Lehen igandetik asteartera ospatzen zituzten Inauteriak, festa hiru egunetara luzatuta. Herri txikia izanik, momentu bakoitzera egokitu behar izan dituzte jaiak ere, eta urte zailagoak pasa badituzte ere, lortu dute ohitura zaharrei eustea. 

Garai batean etxean zain egoten ziren emakumeak, Zomorroak noiz iritsiko zain. Korneta soinua entzutean pozez txoratzen jartzen ziren, «dardarizo» edo «oilo ipurdi» eta guzti. «Lehen ez ginen orain bezala ibiltzen, hartu kotxea eta aieka batetik bestera festaz festa. Inauteriak izaten ziren urteko egun berezienetako bat, herriko festekin batera», zehaztu du Perurenak. 

Herriko mutil gazteak ibiltzen ziren baserriz baserri, orduan ere puxka biltzera aterata: «Lehen ere puxka biltzea deitzen zitzaion, bai! Eskerako dirurik ere ez zen izaten eta. Txorixoa, arrautzak eta horrelakoak biltzen zituzten, gero plazako tabernan bildutakoarekin meriendatu eta txokolatada egiteko», gehitu du Zugarramurdik. 

Festen prestaketak ere lan haundia eskatzen zien herritarrei, musikariak lotzea, adibidez, ez baitzen orain bezain erraza. Aspaldiko urteetan txistulariekin egiten zuten puxka biltzea, eta gerora hasi ziren akordeolariei deitzen. Horrek ere utzi ditu anekdota gogoangarriak Zugarramurdiren memorian: «Gogoan daukat nola joan ginen behin Berastegira Mariano izeneko akordeoilari baten bila. Duela 50 urte inguru sekulako elurtea izan zen, eta gu Citroen Break xahar batean joan ginen bertara... A ze komeriak izan genituen iristeko! Garai hartan igandero herriko plazan jotzen zuen Marianok, eta urte askoan etorri zen Aranora Inauterietara».

 

Jantzi zuriak, berreskuratuta

Argazki zaharrei erreparatuta, lehenengo begiradan ikusten da jantziak aldatzen joan direla urteetan zehar. Gaurko Zomorro gehienak zuriz jantzita aterako dira, kolorezko zinta luzeak lotuta dituztela, baina urte batzuetan galdua egon zen ohitura hori. Tolosako Inauterietan ezagunak diren txilaben antzeko alkandora loredunak erabiltzen zituzten Aranon, tela lodidun horietakoak. Emakumeek barre artean gogoratzen dute tela 'madarikatu' hura: «Ez dakit zer zuten alkandora horiek, zabaleran ez ziren uzkurtzen, baina urtez urte motzagoak izaten ziren!». 

Jantzi zuria duela urte batzuk berreskuratzeko hautua egin zuten aranoarrek. Urte horretan, gainera, heldututako jendea gonbidatu zuten parte hartzera, eta gerora batzuk Zomorro izaten jarraitu dute. Gaur goizean alkandora eta galtza zuriekin aterako dira Surotik, ' ia lurreraino' iristen diren zintak ondo lotuta dituztela. Kornetak eta larruzko poltsa ere gainean eramango dituzte, abisua pasa eta baserrietan eskuratutakoa ondo gordetzeko. 

Beharrak eraginda, naturaltasunez hasi ziren emakumeak parte hartzen 

Aranoko biztanleriaren egoera aldatzen joan da urteetan barrena, eta festetan eragin zuzena izan du horrek. Jende falta tarteko, Perurena izan zen puxka biltzean atera zen lehenengotako emakume bat, duela 45 urte inguru: «Nik 20 urte izango nituen, eta Agustinek esan zigun arduratuta zegoela, jendea soldaduskara joan eta ez zutelako taldea osatuko. Guk naturaltasunez esan genion aterako ginela, baina nik ez nuela zuriz jantzi nahi. Frackarekin jantzi nintzen, baina zuriz ateratzeko ere ez nuen arazorik izango».

Antzeko zerbait gertatu zen gaueko herri afarian. Lehen Zomorroak bakarrik joaten ziren elkartera; mutil gazteak, alegia. Garrantzi haundia zuen afari horrek Aranon, eta alkateak ere ez zuen hutsik egiten otorduan. Diotenez, tabernan sartzen ziren emakumeek «izen txarra» hartzen zuten, nahiz eta hauek «garaiz» hasi ziren «kasurik ez egiten». «Horrelakoa zen gehienetan emakumeen egoera; behin ezkonduta, etxean egon behar izaten genuen. Egia da guk ez dugula arazo haundiegirik izan, afarirako ere mutilek esan baitziguten joateko, eta urtez urte igotzen joan da emakume kopurua», azaldu dute.  

Inauteriak urteren batean egon dira ez ospatzeko arriskuan, baina aranoarrek beti erreakzionatu dute garaiz. Orain dela 35 urte inguru herriko gaztetxoen bultzadari esker antolatu zituzten, eta orduan ere neska-mutil gazteak ibili ziren baserriz baserri. Ainhoa Ansa aranoarrak 11 urte zituen garai hartan, eta ondo gogoratzen du momentua: «Orduan ere gazteak eta ezkongabeak ibiltzen ziren puxka biltzen, eta ez ote ziren ospatuko entzun genuen. Baina guk erabaki genuen denok aterako ginela. Inauteriak ez ospatzea zen alternatiba, eta guk ospatu egin nahi genituen».

Aldaketaren erakusgarri izan da Zahagi Dantza ere 

Puxka biltzearekin batera, Zahagi Dantza da Aranoko Inauterietako jarduera entzutetsuena. Herri guztia biltzen da arratsaldean antzerkitxoa ikusteko, eta saioa «bizia» izaten zela nabarmendu dute seiek. Emakumearen rola zuenak zakua eraman eta gizonaren rola zuenak makilarekin jotzen zuen, eta azken urteetan, eta batez ere, haur eta gazteak parte hartzen hasi ahala aldaketak etorri direla azaldu du Ainhoa Ansak: «Gazteak heldu dira lanketa bat eginda, nik beharrezkoa dela uste dut. Baina ohiturak herrian errotuak daudenean eta hain kuttunak direnean ez da erraza izaten aldatzea». 

Azken boladan bi aldaketa nabarmen izan dituztela nabarmendu du Ansak: «Orain dela urte batzuk bi neska atera ziren lehenengo aldiz. Guretzat sekulakoa izan zen, eta horretarako ere ez zen arazorik izan. Estiloa oso desberdina izan zen, ez zen hain fisikoa izan, baina beste parodia mota bat eskaini zuten. Bigarren aldaketa umeak sartzea izan zen; bolada batean bazeuden oraindik koxkortu gabeko ume asko, eta haiek hartu zuten lekukoa. Hortik aurrera eurek aritzen dira bertan, eta gaur badakigu eutsiko diotela».

 

 

Antzerki eta dantza saioa gertutik jarraitzen egongo dira denak, adinean gora joanda ere betiko ilusioa mantentzen baitute. «Etxean itxarongo diegu Zomorroei, eta adi egongo gara ea nondik dabiltzan. Gaur egun erraza da jakitea, mugikorrarekin eta... Gainera, badakigu aurten ere berandu ibiliko direla! (barrez). Arratsaldean Zahagi Dantza ikustera joango gara eta iluntzean afaltzera». 

Eolikoen auzia, erdigunera

Aranon jarri nahi dituzten haize erroten kezkak bustiko ditu nahi eta ez aurtengo Inauteriak. Ezinegona nabaria da eta Perurenak ziurtasun haundiarekin dio «kontra egiteko» prest daudela: «Jendea prest dago kontra jartzeko. Beldur haundia sortzen digu egoerak, kontua nahiko beltz ikusten dugu. Baina argi diogu ez dugula onartzen eta ez dugula nahi. Sekulako txikizioa litzateke. Herrian ardura haundia sortzen duen gaia da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!