«Tsunami bat bezala iritsi zaigu gaia, eta beste esperientzia batzuk ezagututa, beldur haundia sortzen digu». Aurreneko hitzetatik erakutsi diote aranoarren kezka eta ezinegona Kronikari, Joxan Ruiz alkateak eta Joxe Manuel Muñozek, Urumeako Mendiak Bizirik taldeko kideak.
Azaldu dutenez, orain arte jaso duten informazio apurraren lausotasunean, ez dute baikor izateko motiborik topatu. «Guregana enpresa bakarra etorri da, FE Energy izenekoa, duela hilabete batzuk», kontatu du alkateak. «Azaldu ziguten Oiartzunen lortu dutela 'engantxe' bat (sortutako argindarra eramateko toki bat), eta beraien asmoa dela proiektu bat egitea, hartuko dituena Hernani, Arano, Goizueta, Berastegi, Elduain... Esan zigutenez, beste proiektu bat ere badago inguru bererako, baina soilik Hernaniko lurretan, Aranorekin mugan, Garagartzako mendilerro osoa hartuko lukeena. Biak ezin dira gauzatu, elkarren lehian daude. Guri aurkeztu digutenak, hartuko luke Arano inguruko mendilerro osoa. Eta argudio hauxe erabili dute: 'Haize-errotak hortxe ondoan jarri behar badizkizuete Hernaniko lurretan, zergatik ez dituzue zuek ere jartzen?'. Etorri zitzaizkigun esanez dena argituko zigutela, baina egin ditugun bi bileretan ez digute ia batere zehaztasunik eman, ezta kokapen zehatzik erakutsi ere. Interes haundia omen daukate, eta guk onura asko jasoko omen genituzke... Baina ez digute ezer zehaztu».
«Imajinatu 200 metroko haize-errotak hemen; itzala ere eginen digute»
Joxe Manuel Muñozek azaldu duenez, «poligono eoliko erraldoi bat» egin nahi dute bertan, 100 megabatiokoa: «Tamaina horrekin, edota bi autonomia erkidego ikutzearekin, Ministeriala bilakatzen da, eta Madrildik kudeatzen dira baimenak». Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «ez lukete zeresanik izanen. Legeari begira eginen dituzte tramiteak Madrilen, baina ez dute ezagutzen ingurune hau, ez dakite zertaz ari diren. Gertutasuna galduta, hotzagoa da prozesua, eta alde humanoa berez gutxi bada, handik kudeatuta batere ez. Hemendik kudeatuta, behintzat, gehiago entzunen litzateke herritarren kezka», dio Muñozek.
Gainera, adierazi du «Gobernuek gero eta erraminta gehiago» dauzkatela gobernu autonomikoen eta udalen «trabak» gainditzeko: «Are gehiago, FE Energykoek esan ziguten, badaudela mekanismoak prozesua azkartzeko, baina horiek erabiltzea ez dela beraien politika... Kontua da FE Energy proiektua egiten ari dela, baina atzetik beste enpresa bat dagoela, antza denez Repsol, eta berak dauka azken hitza».
Parke eolikoaren ezaugarriei buruz ere, ezer gutxi dakite oraingoz: «Baina orain egiten ari diren poligono guztietan, teknologia berbera erabiltzen dute. 200 metroko haize-errotak izaten dira. Imajinatu 200 metroko haize-sorgailuak Garagartzan, Aranoko herrigunearen parean. Itzala ere eginen digute. Ikusi ez ezik, sentitu ere eginen ditugu, inbaditu eginen gaituzte. Ikaragarria da. Gainera, horiek mendira igotzeko, behar dituzte sei metroko pistak gehi kunetak, eta bihurguneak ikaragarriak izan behar dira, 30 metrotik gorako erradioa dutenak. Ez da soilik haize-sorgailua jartzea, baizik eta mendi osoan egiten duten txikizioa».
Baliabide ekonomikoak eta denbora, kontra
Proiektuaren berri izan zuenetik, kontrako posizioa azaldu du Aranoko Udalak, eta berehala jo zuen alarma herritarren artean. Gaiari buru-belarri heldu zion lehendik ere auzolanetarako antolatuta zegoen talde batek: «Informazio bila hasi ginen, baina ez da erraza. Galdezka aritu gara, esperientzia txar honetatik pasa direnekin harremanetan. Gu berriak gara kontu hauetan, eta behar genuen busti eta jakin zer egin, nola jokatu... Horretan ari gara, informazioa biltzen eta zabaltzen, eta horrelako kezkak dauzkatenekin loturak egiten».
Proiektu horietan lan egiteko modua ere salatu dute: «Arano ezagutu gabe etorri ziren proiektua egitera, hala aitortu ziguten. Lortzen dute 'engantxe' bat, eta horren inguruan koadrante bat marrazten dute, haize-sorgailuak jartzeko. Gertuenetik urrunenera joaten dira, eta eremu babestuekin edo ezegokiekin egiten dute topo. Eta horrela iritsi ziren Arano ondora. Hemen jarri nahi dute, ezin dutelako beste tokietan; baina berdin zaie non tokatzen den eta nor bizi den hemen. Sentitzen dugu ez gaudela babestuta, inondik inora. Estazio megalitikoak dauzkagu hemen, eta gain-gainean jarri nahi dituzte haize-errotak. Ez dauka zentzurik», dio Joxan Ruizek.
Joxe Manuel Muñozek aitortu du baikorra zela proiektuaren berri jakin zuenean, eta pentsatu zuela, 'hauek ez dakite zonaldea mairubaratzez josita dagoela'. «Baina bai, badakite eta berdin zaie!». Horretan sakondu du alkateak ere: «Esan digute mairubaratzetatik tarte bat utzi behar dutela, eta hori baino gehiago utziko dutela. Baina ez al dira konturatzen, pixka bat mugitzen hastean are gehiago agertuko direla? 66 dira ezagutzen ditugunak, eta beste asko egonen dira ezkutuan. Arkeologo bat egonen omen da obren jarraipena egiten...».
Proiektua geldiarazteko bidean, ordea, ikerketa lanak eta txostenak egin beharko lituzkete, ondarea eta espezie babestuak argudio gisa baliatzeko. Eta borroka horretan, kontra dauzkate baliabide ekonomikoak eta denbora: «Ekonomikoki ez gaude beraiekin lehiatzeko. Ikerketa horiek egiteko diru asko behar da, eta nola gastatu dezakegu guk diru hori orain bat-batean? Umeentzako parke bat egiteko ere ez daukagu eta! Uholdeen kalteak konpontzeko estu eta larri ibili gara, eta orain, buelta eman nahian gabiltzanean, hauxe etorri zaigu...», dio alkateak.
«Beraiek oso ondo kontrolatzen dituzte epeak», gaineratu du Joxe Manuel Muñozek: «Esan zigutenez, datorren urtearen hasieran aurkeztuko dute proiektua, eta argitaratu ondoren, hiru hilabeteko epea izaten da helegiteak aurkezteko. Baina pentsa, beraiek bi urte badaramazkite ikerketa egiten, guk ezin dugu horren kontrako ikerketa bat prestatu hiru hilabetetan. Denbora eta dirua behar da horretarako».
«Helegiteak baino eraginkorragoa izanen da borroka soziala»
Gaiaren inguruan esperientzia duten taldeekin hitz egin dute, eta garbi ikusi dute ezinbestekoa dela borroka soziala: «Beraiek esan digute helegiteak jartzea oso garrantzitsua dela, baina horrekin gehienbat lortzen dela denboran luzatu eta prozesua atzeratzea. Jokoaren arauak jarraituz oso zaila da erraldoi horiei aurre egitea, beraiek jartzen dituztelako arauak; eta gustatzen ez zaizkienean, aldatu egiten dituzte. Helegiteak baino eraginkorragoa da borroka soziala, zarata egitea. Proiektua gauzatu behar badute, ez dezatela erraz egin. Gutxienez ikusi ditzatela proiektuaren kontrako komunikatuak, jendea protestan...».
Zentzu horretan, uste du «jendea esnatu» egin behar dela: «Gu ohartzen gara hemen ondoan tokatzen zaigulako. Baina hemen bizi ez dena. Egun batean etorriko da eta flipatuko du ikusten dituenean. Orduan berandu izanen da»
«Proiektua aurrera eramateak, suntsitu eginen luke ezagutu dugun Arano»
Ideia horri heldu dio Joxan Ruizek ere: «Haize-sorgailuak hemen jarriz gero, ez dira ikusiko Hernanitik edo Goizuetatik, adibidez. Baina honen ondorioak ez ditugu aranoarrok bakarrik pairatuko. Inguruko herritar asko etortzen dira Aranora, mendiaz gozatzera. Horixe baita Aranok daukana, bere ingurua eta bere jendea. Ez daukagu azpiegitura haundirik. Jendea ez dator hona kiroldegira, baizik eta ibiltzera eta lasaitasun bila. Eta proiektua aurrera eramateak, suntsitu eginen luke ezagutu dugun Arano; suntsituko luke bizitzeko modu bat. Herria ezagutzen ez duten batzuen proiektuagatik, une batean aldatuko litzateke gure bizimodua. Arano ez litzateke berriro Arano izanen».
Muñozek gaineratu du, «oso krudela» dela ohartzea «sakrifizio gune» gisa hartu dutela norberaren bizilekua. «Kolokan ikusten dugu gure herriaren biziraupena. Proiektua gauzatuz gero, nik garbi daukat herritik alde egingo nukeela. Zure bizitzaren erdia baino gehiago hemen egin, zure familia sortu, lagunak... Eta etortzen dira herria ezagutzen ez duten batzuk, eta esaten dizute: 'Orain joan behar duzu popatik hartzera. Niri bost axola zait zuk hemen egin duzuna. Haize-sorgailuak jartzen baditut, hainbesteko dirua emanen didate, eta hori da nire helburua'».
Hori horrela, Urumeako Mendiak Bizirik taldeko kideak uste du «jendea gero eta gehiago sentsibilizatzen joanen dela, dena txikitzen doazen heinean. Gizarte mailan ez dugu hausnartu orain arte. Nik ere beti izan dut naturarekiko joera, baina orain artean nahiko lo ibili naiz. Oporretara joan eta ikusi izan ditut haize-sorgailuak Teruel aldean, eta txikizio ikaragarria iruditu zait. Baina denok daukagu berekoi puntu bat, eta ondoan tokatzen zaizun arte ez zara jabetzen guztiz. Gutaz ere esanen dute orain, kexatu garela ondoan tokatu zaigulako. Eta hori oso arma potentea da enpresa horientzat. Bolada bat izan da lasaiagoa proiektu eolikoekin, baina azkeneko hilabeteak tsunami bat izan dira. Nafarroako hegoaldea beteta dago, eta ezin dituztenez gehiago jarri, hona etorri dira».
Energia berriztagarrien «burbuila eta kontraesanak»
Borroka sozialaren harira, nabarmendu dute zaila dela energia berriztagarrien babespean sortutako proiektu bati aurre egitea gizarte mailan. «Hizkerarekin oso ondo jokatzen dute eta oso ondo saltzen dute, eta guretzat are zailagoa da kontra egitea. Esaten dizute: 'Zer ekologista klase zara zu? Ez al zara berriztagarrien aldekoa?'. Bai, baina ez modu honetan», dio Muñozek. Izan ere, uste du «burbuila bat» dela energia berriztagarriena: «Okerrena da Europa mailan diru asko dagoela arlo honetan, baina esku jakin batzuetara iristeko. Gainera, diru hori ez da muxutruk ematen, zati bat denon artean bueltatu beharko dugu. Tristura haundia sortzen didate energia berriztagarriekin eta aldaketa klimatikoarekin lotutako argudioek. Estrategikoki oso ondo jokatu dute, proiektu hauek justifikatzeko. Horixe daukagula arazo latza aldaketa klimatikoarekin, baina kontraesan galantak daude horrelako proiektuetan. Berriztagarria da haizea, baina haize-sorgailua ez da berriztagarria. Bere bizi-iraupena 20-30 urtekoa da, eta oraindik ez dute asmatu horiek nola birziklatu. Beste leku batzuetan ikusi dira horrelako irudiak; haize-sorgailuen palen hilerriak, makina erraldoi batzuekin lurperatzen, bistatik kentzeko. Horiek ez dira usteltzen, ez dira desegiten».
Horren guztiaren oinarrian dago, Muñozen esanetan, «gure sistema sozioekonomikoa ez dela jasangarria. Eta sistema horren baitan asmatzen baduzu energia sortzeko modu bat, sistemarekin bat datorrena... Hori ere ez da jasangarria izanen. Helburua bada energia sortzeaz gain etekin ekonomikoa lortzea, eta etekina gero eta haundiagoa izatea, ez da posible. Gizarteak buelta bat eman behar dio horri. Nik ez ditut haize-sorgailuak ikusi nahi hemen, baina ezta Hernani inguruan, Usurbilen, Nafarroa hegoaldean edo Teruelen ere. Eta nonahi ari dira proiektuak egiten. Berdin zaie nor bizi den eta zein ezaugarri dituen eremuak. Bakarrik begiratzen dute babestutako eremuen mugak non dauden. 'Hemen muga bat, hemen beste bat... Ostras, lau kabitzen dira hemen, ba aurrera'».
Horren aurrean, uste dute beharrezkoa dela gizartea informatzea eta sentsibilizatzea: «Konexioa galdu dugu naturarekin, eta pentsatzen dugu aparte bizi garela. Gizakiok egin dezakegula nahi dugun guztia eta horrek ez duela eraginik ekarriko. Eta hori gezurra da, ikusten ari gara aldaketa klimatikoarekin. Ez dakigu zein den soluzioa, baina ez da hau. Mendi tontorrak ez dira gureak; zein eskubiderekin izorratu behar ditugu?».