Datorren astelehena izanen da San Martin eguna, oso egun seinalatua Aranon. Eta hala izanik, ospatzeko plana egin dute etzirako, larunbatarekin. Egun osoko programa osatu dute, aranoarrak zein inguruko herrietako bizilagunak erakarriko dituena.
Izan ere, pil-pilean dagoen gai bat izanen da protagonista, eguneko ekintzetan. Hasteko, mendi martxa eginen dute goizean, 11:00etan herrigunetik abiatuta; eta bertatik bertara ikusiko dute mahai gainean dauden proiektu eolikoak non jarriko lituzketen, eta zer nolako eragina izanen luketen. Gai horri helduko diote arratsaldean ere, Aitziber Sarobek eskainiko duen hitzaldiarekin, zentral eolikoen inguruan. Biologoa da Sarobe, eta eolikoen gaian aditua. 18:30etan hasiko da bere hitzaldia.
Horren aurretik, beste aurkezpen bat ere eginen dute, 18:00etan hasita: Andoni eta Arritxu Zugarramurdik egindako posterra aurkeztuko dute, Arano inguratzen duten mendien izenak biltzen dituena.
Talo eta gaztain jatea iluntzean, festa borobiltzeko
Egun osoko plana borobiltzeko, ez du hutsik eginen urteroko San Martin eguneko hitzorduak: talo eta gaztain jatea izanen da, iluntzeko 20:30etan hasita.