Aranoko festetako Txupinazoa Zapotxinek eta Markel Oiartzabalek botako duzue. Zer suposatzen du horrek?
Ez nuen espero. Egia da, pasa den urtean, Aranon egin genuela antzerkiaren estreinaldia eta aurten ere Aranoko jaietan izango dela. Ferian izango da Zapotxin eta ipuin kontaketa herrikoian ere parte hartuko du, baina duela egun batzuk Udaletik deia jaso genuen, Zapotxin eta Markel ere aranoarrak direnez, txupinazoa botatzeko aukera emango digutela esanez. Nolabait omenaldi txiki bat egingo digute.
Ilusioa ez da faltako
Noski. Pasa den urtean Aranon egin genuen emanaldia berezienetakoa izan da. Herriaren jarrera eta harrera proiektuarekiko, pertsonaiarekiko oso positiboa izan da. Sorpresa izan da niretzat. Hasieran nire beldurrak eta zalantzak nituen, proiektua ezberdina delako eta ez delako oso normatiboa, baina herri bezala, oso erantzun positiboa jaso genuen lehenengo momentutik. Aurreko urtean ikusi genuen, erantzun ona emateaz gain, herria hor zegoela gu babesten. Aurten ere, beste modu batera, jarraitu du erakusten.
Zerbait berezia prestatu duzu txupinazorako?
Kostatu zait pentsatzea zer esan edo nondik bideratu. Gehiegi aurreratu gabe egingo dugu dakiguna kantuen eta bertsoen bidez.
Aurten balkoian izango zara, pentsatzen dut beste aldean, kalean askotan egongo zinela aranoarra izanda.
Betidanik. Txikitatik dut oroitzapena Aranoko festena eta horrela hasi ginen bertan parte hartzen. Gure etxeko buruhaundik ziren festetan ateratzen zirenak. Presentzia beti izan dugu festetan eta txupinazoa behetikan beti ikusi dugu. Antolakuntzan ere sartu ginen laguntza aldera eta aurten goitik bizitzea tokatuko zaigu.
Aranoko festak eta txupinazoa beti izan dira oso herrikoiak.
Azkenean hori da bilatzen dena antolakuntzatik. Herriko jendeak antolatzen du herritarrentzat, eta hori azkenean nabaritzen da. Egiten da herritarrek nahi dutena, nahi dugun moduan eta ahal den moduan. Aurten saiatu gara belaunaldi ezberdinen parte hartzea bultzatzen, denontzako jaiak diren heinean denok daukagu ardura antolatzeko. Gazteek baino hobe inork ez du jakingo beraiengana nola iritsi. Azkenean holaxe gabiltza, talde txiki bat gara antolakuntzan gaudenak eta herritik sortzen da herritarrentzat.
Zapotxinek zer du gustokoen edo gogokoen egitarauaren barruan?
Zapotxini gustatzen zaio plaza bat non mundu guztia ezagutzen duen eta denekin duenean zer esana, zer kontatua, zer galdetua... Zapotxinentzat Arano ere etxea eta da bere herria. Aurreneko emanaldia berezia izan zen aurrean zituen guztiak ezagunak zituelako, aurtengoa ere berezia da Aranon etxean dagoelako, babes horrekin.
Markelen eta Zapotxinen etxean eginak omen dira Aranoko buruhandiak.
Horrela da. Azeria, Porrotx eta Doraemon bat badabil hortikan. Ez dakit azken urteetan atera den edo ez, baina guk hiru horiek genituen. Osabak oparitua zen Porrotxena, gero egin genuen Doraemon eta azeria da berriena. Urtero bat egiten genuen aita eta biok. Guk ere festan parte hartzeko bultzadatxoa izan zen. Ilusio horretatik hasi ginen eta gero kontzientziatik jarraitu genuen.
Eta aurten Lamixan erraldoia gehituko zaie.
Horrela da. Urte potoloa daukagu. Aranoko lehenengo erraldoia izango da eta indartsu dator festetara, egitarauan leku bereziarekin, azalean eta guzti. Azkenean, poztasun hortatik, aipatu moduan, herriarentzat egin behar da herritik abitatuta, belaunaldi berrientzat. Proposamen hau belaunaldi berrietatik etorri zen eta inongo zalantzarik gabe izango du bere tokia.
Ipuinaren kontaketan ere parte hartuko duzue erraldoiak eta zuk.
Erraldoiak lamia irudikatzen du. Zapotxinek ere hartuko du parte, baina Zapotxinen ikuskizuna izan gabe. Izena ere horregatik jarri diogu Herri Ipuin Kontaketa. Nolabait saiatu gara herriak parte hartzea, ez bakarrik ikusle pasibo bezala, baizik eta parte aktibo bezala. Kontaketa Maisuenean izango da. Kontaketak eskatzen digun tonoak eta formatoak barruan izatera eramaten gaitu, toki txiki xamar batean. Elkarrizketa ere bultzatuko da, interakzio momentua eta kontaketa momentua dituelako. Espazio txiki eta goxo bat sortzea eskatzen du.
Pasa den urtean emanaldia eskaini zenuen Aranon, baina urte erdi aurretik hasi zen Zapotxin bereak eta bi egiten. Nolakoa izan da urte t'erdi hau?
Oso polita izan da. Hasieran ziurgabetasun haundia nuen. Ez zara musika talde bat, bakarrik zaude eta beldur asko dituzu, ezezagunen aurrean ez hainbeste, baina bai ezagunen artean. Hernanin aurkezpena egin genuenean zalantzak nituen ea harrera nolakoa izango zen. Aranon oraindik eta gehiago. Umeek uzten dizute ume izaten. Heldu izanda ume hizkuntzan hitz egiten uzten dizu umeak. Eta hori oso polita da.
Aranon eta Hernanin aritzea ezberdina da?
Hernanik badu gertutasuna, baina Aranokoa emanaldirik bereziena izan da. Normalean familiak izaten ditugu emanaldietan, baina Aranon hurbildu ziren heldu asko umerik gabe Zapotxin ezaguna zelako eta jakin nahi zuten zertan zebilen. Inprobisazio puntu bat beti dago eta alde horretatik ere Aranokoa oso berezia izan zen. Herriko jende ezagunak beste predisposizio bat dauka interaktuatzeko eta parte hartzeko. Hernanitik kanpo egin genuen lehenengoetakoa izan zen. Oso sentsazio onekin geratu ginen.
Nolakoa espero duzu bigarren urtea
Errazagoa izango da taldean goazelako eta beste mota bateko proiektu batetik goazelako. Ez da bete lana, historiarekiko erantzukizun bat sentitzen genuen. Ainhoa Ansarekin hitzegin nuen eta Aranoko istorioak eta kontuak ari gara biltzen eta hau, ahozkotasuna berreskuratzen bidean, erabiltzen dugun hirugarren formatua da.