Bailarako bertsolarien lehenengo txapelketa, ohiko saioaz gain

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

Santio egunez, gauerdian, antolatuko da estreinekoz bailarako txapelketa eta bertso saioa larunbatean izanen da afalostean.

 

Aurtengo Santioetako beste berrikuntza esanguratsua Bailarako Gauerdiko Bertsolarien Arteko lehenengo txapelketa izanen da. Estreinekoz antolatuko da eta gainera, azken orduko ideia izan da, Xabier Legarretak proposatutakoa.

Bihar, Santio egunez, antolatuko da eta poteo kalejira ondoren hasiko da, emanaldiaren izenean ageri bezala, gauerdian. Nork parte hartuko duten ez dago jakiterik txapelketa hasteko ordura arte, izene-matea tokian bertan egingo baita. Seguru momentu ederrak pasatzeko aukera izanen dutela aranoarrek.

 

Agin Laburu, Sustrai Colina, Maider Arregi eta Ioanes Illarregi, larunbateko ohiko bertso saioan

Bertsolaritzak bigarren zita bat ere izanen du Santio jaietan. Honela, uztailaren 27an, larunbatean, bertso saioa antolatu dute.

Bertsotan arituko dira Agin Laburu astigartarra, Sustrai Colina urruñarra, Ioanes Illarregi leitzarra eta Maider Arregi oñatiarra. Gai jartzaile lanetan Aritz Zerain ereñotzuarra izanen da.

Maila altuko bertso saioa espero da, bertsolarien maila ezagututa. Gainera, herri afariaren ondoren hasiko da eta horrek jokua eman dezake.

Festa giroan eta erromeriaren aurretik, bertso sorta ederrak entzuteko prest daude aranoarrak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!