«Bailarako herritar guztiak daude gonbidatuak Lamixan ezagutzera»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

'Lamixan' izena du erraldoiak eta Eñaut Cuetori egindako oparia da.

«Bailarako herritar guztiak daude gonbidatuak Lamixan ezagutzera»

Aurtengo Aranoko Santio Jaiek badute bereizgarri nagusia eta hori erraldoiaren plazaratzea izango da. Eñaut Cueto Ansaren Lamixan erraldoia aurkeztuko dute Santio egunean eta egunero-egunero soinean eramango du Eñautek. 

13 urteko aranoarrarentzat «ikaragarria» izan da erraldoia izatea eta zer esanik ez erraldoia Aranoko festen parte izatea. «Aurten Aranoko festatan erraldoi bat aterako da lehendabiziko aldiz. Lamia bat da eta berez, nire urtebetetzerako oparia izan zen. Eskuz egin zuten erraldoi haundi eta ederra. Izena ere badu, Lamixan».

Eñautek oso gustoko du eta denek ere gustoko izatea espero du. «Oso polita da. Oso gustoko dut. Dakigula lehendabiziko aldia da Aranon erraldoi bat ateratzen dela festetan». Eñaut Cuetok esperientzia ederrak bizi izan ditu beste herrietako erraldoiekin eta orain bat izatea pozgarria da beretzat: «Iruñean ikusi izan ditut inon baino gehiago, baina inoiz ez nuen pensatzen nik neronek erraldoi bat izatea». 

Kalejirarako prestatu dute Lamixan eta Santiotan aurkeztuko dute jendearen aurrean,lehendabiziko aldiz. «Santio egunean, Aranoko festetako lehendabiziko egunean aterako dugu. Hurrengo egunean ere bai, uztailaren 26an. Biharko Santio egunean, Aranon bertan, kalejira egingo dugu erraldoiarekin, herriko txoko guztiak ezagutuko ditu erraldoiak eta hurrengo egunean Suro aldera etorriko gara. Seguru aranoarrak animatuko direla kalejiran parte hartzera eta ikustera».

Noski, erraldoiarekin batera ez dira buruhaundiak faltako. «Ez noski, hiru baditugu (azeria, Porrotx eta...), gure Aranoko pailazoak egindakoak (Zapotxinek). Asko gustatzen zaizkit».

Eñautek lana izango du festetan, Lamixan erraldoia berak eramango baitu. «Nik eramango dut eta dagoeneko ibili naiz probatzen. Entsegu asko egin ditut, gauzak behar bezala atera daitezen. Horrela ea urtero ateratzeko aukera izaten dudan. Ongi ateratzen bada urtero aterako da, bestela ez. Horregatik egin behar dira gauzak ongi. Espero dut dena ongi ateratzea». 

Nekeak eta pixuak ez du Eñaut kezkatzen: «Ez du asko pisatzen. Hala ere, amak moldaketak egin dizkio erosoago eramateko, arnesak jarri dizkio. Musika dagoenean eraman behar dut, ez denbora guztian, eta horrek lagunduko dit. Musika geratzean erraldoitik atera eta atseden hartzeko erabiliko dut tarte hori, berriz musika hasi eta barrura sartu arte».

  

«Feria egunean, larunbatean, Zapotxinekin batera kalejiran irtengo da eta arratsaldean lamiaren inguruko Aranoko ipuin bat kontatuko dugu»

Egitarauan lehendabiziko bi egunetan aterako dela jarri arren, Eñautek uztailaren 27an eta uztailaren 28an ateratzeko asmoa du. «Nire eskuetan dago eta hori horrela izanda, ziurtatu dezaket aterako dela. 27an, eguraldiak laguntzen badu, kalejiratxo bat egitea pentsatu dut. Feria egunean Zapotxin etorriko da eta berarekin batera kalejira egitea pentsatu dut. Gainera, erraldoiaren omenez lamiaren inguruko Aranoko ipuin bat kontatuko dugu arratsaldean herritarren artean eta horretan Zapotxinek lagunduko digu».

Aranoko lehendabiziko erraldoia izango da Lamixan, baina azkena edo bakarra ote den nork daki. «Momentuz erraldoi bat egongo da. Gero ikusiko dugu bikotea edo beste bi egin». Hori bai, Eñaut Cuetok argi du festetarako bakarrik erabiliko dela Lamixan, beste herrietan gertatzen den bezala. «Festetan bakarra aterako dut. Herri guztietan, bere herriko jai ofizialetan ateratzen dituzte erraldoiak eta Aranon berdin izango da. Urtero lau festa egun dira eta hasteko ez dago gaizki». Suroko hasieran itxarongo diote Aranotik etorriko diren herritarrei erraldoiarekin herrira bueltatzeko. 

 

«Gauza polita da nik jasotako oparia, orain Aranoko festetarako, herrian erabiltzea»

Eñautek erraldoia aurreneko aldiz, opari gisa, ikusi zuenean ikaragarria izan zen. «Harrigarria izan zen. Urtebetetze eguna baino bi egun lehenago jaso nuen eta ez nuen inondik ere espero horrelako oparirik. Gainera denen artean egin zidaten eta hori oso polita izan da».

Eñauten familiako kideak buru-belarri jarri ziren lanean Lamixan egiten. «Familia osoaren partez jaso zuen oparia. Oihanak pentsatua zuen erraldoi bat egitea, baina nekatu egin zen. Beraz burua bakarrik egin zen, guztiz osatu gabe. Begiak falta ziren, buruaren kolorea falta zen, hankak falta ziren... denen artean nire urtebetetzerako bost egun faltan prestatzen hasi ziren erraldoia. Aitatxok hezurdura egin du, amatxok gorputza, izeba batek pintatu egin du, beste izebak arropa egin du, lehengusuak spotify-eko zerrenda bat egin du riñonera batean nere musika propioa eramateko, amonak ere josi du soinekoa, izekok eta amamak Barakaldotik orrazi bat... denek egin dute zerbait eta oso eskertuta nago. 

«Erraldoia kriston oparia da», nahiz eta Eñaut Cuetok dioen ez zuela eskatu. «Erraldoi hori bukatuta ikustea gustatuko litzaidakeela izan zen esan nuena. Oparia jasota konturatu nintzen neretzako pentsatua zegoela erraldoia. Hori bai, orain hasitako buru hura faltan botako dut».

Eñautek oparia jaso du, baina Eñaut berak ere Aranoko herriari erraldoia oparitzen dio modu batean, bertako festetan erabiltzeko. Alde biko oparia dela esan liteke. «Hori gauza polita da, oso pozik jartzen didana».

 

«Bertaratzen direnek Lamixan ezagutu eta kalejirako ibilbideaz disfrutatzea nahi dut»

Aranorentzako bakarrik ez, Eñaut ere gogoratzen da bailarako beste herritarrekin. «Hernanikoak ere nahi badute kalejira ikusi, etorri lasai, gonbidatuta daude. Goizuetakoak aspalditik daude gonbidatuak. Ereñotzukoak ere gonbidatuta daude. Noski erraldoiarekin edo erraldoirik gabe etorri daitezke Aranora, etzi, kalejira ikustera edo bertan parte hartzera. Disfrutatu dezatela ibilbideaz, kalejiraz eta ezagutu dezatela Lamixan erraldoia». Gauza bakarra falta da, eguraldia lagun izatea. «Euririk ez du egingo eta eguzkia izango da protagonista. Beraz etorri Aranora».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!