Aranoko festen barruan bigarren urtez jarraian Zapotxinek protagonismoa izanen du larunbatean. Feria 12:00etan hasiko da eta bertan hartuko du parte pailazoak. Postua jarriko du eta lortu daitezke katiluak, diskoa, margotzeko koadernoa... Zapotxinek berak kontatu dio Kronikari prestatu duen emanaldia. «Lau abesti kantatuko ditugu denok elkarrekin, pozez eta ongi pasatzeko prest».
Feria jarriko da, urtero bezala, bertako produktuekin. Sagardogileak, gaztagileak eta bertako edo herriarekin harremana duten artisauak izanen dira, jateko eta edatekoak eskaintzen. Herrikoen borondatea ere nabarmena da urtero-urtero eramaten dituztelako postre ezberdinak, etxean egindako ogia, edota basurde gixatuak, beste askoren artean.
Feria Santio jaietako ekitaldirik kuttunena izaten da aranoar eta bisitari askorentzat. Giro ezin hobea, jan-edana, tortilla lehiaketa, solasaldiak... ez dira faltako horretarako jartzen den karpan. Aurtengoa 19garren edizioa izanen da eta urtero jende asko biltzen da bertan festaz gozatzeko. Sagardoa, tortilla patata pintxoak, txorizoa... gustoko dutenek galdu ezin duten zita dute larunbatean Aranon.
Gainera adin tarte guztientzako da egokia. Denek izanen dute euren lekua eta ongi pasatzeko parada. Soziedadera gerturatu, eta lehiaketara aurkezten den tortila bakoitzari zenbaki bana jarriko zaio, gero bi onenak aukeratzeko.
Esnal anaiak, aizkoran, Galarraga eta 'Lartain', harrijasotzen
Asteburua aprobetxatuz larunbatean ekitaldi ugari antolatu dituzte. Lamiaren Aranoko ipuina kontatuko dute, Zapotxin ere kontakizunean tartean izanen delarik. Ondoren, 18:00etan herri kirol saioa prestatu da. Aurten Esnal anaiak, Jon eta Haritz, arituko dira nor baino nor. Usurbildar anaiek erakustaldi dotoreak eskaintzen dituzte. Harrijasotzen puntan ibiltzen diren Imanol Royo 'Lartain' eta Aimar Galarraga arituko dira.