Aurten Aranoko Santio jaiak, bihar Santio egunarekin hasiko dira eta beste urte batez bere izaera herrikoia mantenduko dute. Horixe izanen dute ezaugarri bereizgarria, hurbiltasuna eta herri guztiaren inplikazioa. 12:00etako kanpaiak jotzeko minutu gutxi faltan, eta herritar guztiak txoko beretsuan elkartuta, guzti-guztiak gora begira, udaletxeko balkoira, izanen dira Santio Jaiak noiz hasiko zain.
Festa hastekotan dela jakiteko, bihar 11:00etan meza izanen da eta Hernaniko dultzaineroek 11:30etan txupinazoa hurbiltzen ari dela jakinaraziko diete herritarrei, pixkana-pixkana plazatxora gerturatzeko.
Zapotxinek botatako txupinazoaren ondoren, goxoki eta opari zaparrada izanen da balkoitik, eta lurrean batera eta bestera ibiliko dira haurrak, poltsa bana eskuan hartuta, zeinek gehiago bilduko. Poltsak askatu gabe, korrika saiotxoa ere egin beharko dute, buruhaundien aurretik.
Arano-Goizueta erronka, protagonista ezberdinekin
Eta ondoren, plazatik frontoira joango dira aranoarrak, goizuetarrak eta bertaratutakoak, bertan jokatuko baitira pilota partidu erakargarriak. Bi pilota partidu jokatuko dituzte eskuz, biak ere pilotari ezagunekin. Aurrenekoan, buruz burukoa izanen da Sagastibeltza eta Iturbe jubenilen artekoa. Ondoren, ohiko erronka botako diote aranoarrek eta goizuetarrek elkarri, bi herrien arteko partiduarekin. Azken urteetako bikoteak aldatuko dira oraingoan: Mikel Leonet eta Oihan Legarreta ariko dira Aranorren izenean, eta Xabier Salaberria eta Egoitz Elizegi izanen dira Goizuetaren ordezkari.
Arratsaldean ere ez da nolanahikoa izanen. Kantaldia antolatu dute, Irati, Ane eta Joxe Leonekin eta ondoren, frontoian herritarren arteko pala txapelketa azkarra izanen da. Hori bai, euria eginez gero, mahai tenisa (ping-pong) txapelketak ordezkatuko du.
Santio eguna borobiltzeko, herri afaria eginen dute karpan, norberak eramandakoarekin. Poteo kalejiraren aurretik eta gauerdian lehenengo aldiz Bailarako Gauerdiko Bertsolarien Arteko Txapelketa antolatu da. Izena ematea tokian bertan egingo da.
Igandera arte jarraituko du
Aurten, Santio jaiek beste berrikuntza bat izanen dute eta pertsonai berri baten sorrera izanen da. Aranok erraldoi baten aurkezpena eginen du, etzi ostiralean. Arratsaldean, Pala txapelketaren jarraipena eta finalak jokatuko dira. Eguna afariarekin eta Mus eta Toka txapelketarekin izanen da.
Larunbatean festa karpara mugituko da urteroko hitzordu arrakastatsuarekin: herriko artisauen eta produktuen azoka eginen dute bertan. Etxean egindako sagardoa, txorizo egosia, gazta, urdaiazpikoa, patata tortilla eta gustu guztietarako gozoak izanen dira aukeran; hamaiketakoa egiteko baino, bertatik bazkalduta ateratzeko adina... Gainera, ez du hutsik eginen patata tortilla lehiaketak ere, eta feriaren bukaeran jakinaraziko dute, zein diren Aranoko sukaldari onenak, une honetan. Zapotxin ere bertan arituko da umeak alaitzen.
Arratsaldean ere umeak protagonista izango dira ipuin kontaketan eta herri kirol saioa ez da faltako aizkolari eta harrijasotzaile esanguratsuekin. Aurten bertso saioa, herri afariaren ondoren izanen da eta komerik taldeak itxiko du dantzaldiarekin eguna.
Herri Gurasuan eguna, igandean, mezarekin, herri gurasoen hamaiketakoarekin eta umeen arteko pilota partiduekin hasiko da. Arratsaldeak jolaserako garaia izanen da altxorraren bila, apar festa eta txokolatadarekin eta jaiei agur esateko garaia iritsiko da bingoarekin.
EGITARAUA UZTAILAK 25 BIHAR 11:00 Meza. 11:30 Hernaniko dultzaineroak. 12:00 Txupinazoa herriko buruhaundi eta erraldoiekin. 12:30 Pilota partiduak. jubenilen artekoa: Sagastibeltza-Xuban Iturbe; Arano-Goizueta: M. Leonet-O- Legarreta, X. Salaberria-E.Elizegi. 17:00 Irati, Ane eta Joxe Leonen kantaldia. 18:30 Herritarron arteko pala txapelketa azkarra. Euria bada, ping-pong txapelketa. 21:00 Herri afaria. Norberak etxetik ekarria. Poteo kalejira. 00:00 Bailarako gauerdiko bertsolarien arteko lehenengo txapelketa. Izena ematea tokian bertan egingo da.
UZTAILAK 26 ETZI 10:30 Herritik Surora, erraldoien aurkezpen ibilbidera. Hamaiketakoa. 17:00 Pala txapelketaren jarraipena eta Finala. 21:00 Herri afaria. Norberak etxetik ekarria. 22:30 XL. Mus Txapelketa San Roke elkartean. Kanpoan lagunarteko Toka txapelketa.
UZTAILAK 27 LARUNBATA 12:00 Feria Zapotxin lagunaren bisitarekin. Tortilla lehiaketa. 17:00 Herri ipuinkontaketa. 18:00 Herri Kirolak. Aizkoran eta harrijasotzen arituko dira Aizkoran Esnal anaiak. Harrisjasotzen Aimar Galarraga eta Imanol Royo Lartain, Ostolaza harri eskolakoak. 21:00 Herri afaria. Norberak etxetik ekarria. Ondoren Ondoren: Bertso saioa. Maider Arregi, Joanes Illarregi, Agin Laburu, Sustrai Colina. Gai jartzen Aritz Zerain arituko da. 24:00 Erromeria Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthor Folk.
UZTAILAK 28 IGANDEA, HERRI GURASUAN EGUNA 11:00 Meza. Ondoren: Herri gurasoen hamaiketakoa. Dantzarik. Umeen arteko pilota partiduak. 16:00 Altxorraren bila. 17:30 Apar festa. 18:30 Txokolatada. 21:00 Herri afaria. Norberak etxetik ekarria. |