«Egun bereziak iristean mugimendu feministaren inguruko zurrunbiloa sortzen da Aranon»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 7a, 00:00

Ainhoa Ansa aranoarrak, artxiboko irudian.

Aranoarren artean aski ezaguna da Ainhoa Ansa. Herriko alkatea ere izan zen (2011-2015) eta antolatutako jarduera guztietan aritzen da lanean. Egindako bidea eta egungo egoera errepasatu ditu Kronikarekin. 

Zer da zuretzat emakume izatea?

Alde batetik esan dezaket izugarrizko harrotasuna sortzen didan zerbait dela, eta, bestetik, zaila dela. Gu etxean hiru ahizpa gara, eta txikitatik nahiko ahaldunduta gaudela iruditu zait beti. Etxetik eta gurasoengandik jaso dugun hezkuntzagatik, beti sentitu izan dugu edonork egin zitezkeen lanak egiteko gai ginela, eta ez dugu sekula desberdintasunik edo gutxiespenik sentitu emakumeak izateagatik. Hala ere, egia da emakume izateak beti daukala erne egon beharreko karga bat. Hori denborarekin ikusi dut, inguruan tokatzen zaizkigu egoeretan, komentarioetan edo begiradetan beti dagoelako erne egoteko motiboren bat. Alde horretatik, emakume izateak erronka bat dauka, kontsiderazio eta estereotipo horien gainetik pasa eta berdinak garela sinestarazte horretan saiakera egin behar duelako emakumeak. 

 
Herri txikia da Arano, 
ezaugarri bereziak dituena. Zein egoeratan dago bertako mugimendu feminista?

Aranon mugimendu feminista ez dago inguruko herrietan bezain harro, baina badago talde bat zertxobait animatzen dela egun bereziak iristen direnean. Hori bada zerbait. Herri txikia da Arano, eta horrelako mugimenduak garatzeko bere zailtasunak dauzka. Gaztedia ere badago orain, eta iruditzen zait horrek bultzada emango duela zentzu guztietan. Une honetan egun garrantzitsuak gerturatzen direnean sortzen da mugimendu feministaren inguruko zurrunbilotxoa.

 
Zer suposatzen du zuretzat herri txiki bateko emakume erreferentea izateak?

Galdera hau egiten didatenean lehenengo pentsatzen dudana da ea emakume erreferentea naizen. Nire buruarekin egiten dut lehenago aipatutako analisia, eta diot: 'Zergatik ez?'. Uste dut emakumeok iltzatuta daukagula umilak izateko beharra, gure ekintzak eta izatea zalantzan jartzen ditugu, eta segurtasun falta daukagu gauza batzuk onartzeko. Gure burua gutxiesteko joera izaten dugu, eta horri ere buelta eman behar diogu. Umiltasunez eramaten dut, ez zait beste modu batera ateratzen, baina zinez ez dakit erreferente kontsideratzen naizen. 

 
Alkatea ere izan zinen. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Egia esan, edozein pertsonarentzat ausardia haundiko kontua iruditzen zait. Nire kasuan, emakumezko lehenengo alkatea izatea ohore txiki modura daukat. Esperientzia horretatik momentu gozoak eta zailak gordetzen ditut. Gozoen artean daukat herritarren eskura jartzea, zerbitzala izatea. Nire ustez alkateak herritarren zerbitzura egon behar du, eta horretan sekulako saiakera egin nuela sentitzen dut. Momentu gogorrei dagokienez, emakume izateagatik izan ziren aitakeriaz tratatu ninduten momentuak. Badaude eremu edo sail batzuk gizonezkoenak direnak, eta atzera begira jarrita une horiek izan ziren zailenak. Orokorrean, denek probatu beharreko esperientzia dela esango nuke, asko ikasten delako. Gogorra bezain polita izan zen. 

Ukrainako gerra dela eta, bertako emakume batzuk iritsi ziren Aranora. Nola dago egoera hori?

Aranora lau emakume iritsi ziren. Horietatik bat segituan joan zen Poloniara, eta beste hirurak Goizuetan bizi dira. Harremana mantentzen dugu haiekin, egoera oso zaila bizitzen ari dira, eta enpatia haundia sentitzen dugu. Asko ukitzen gaitu. 

 
Aranon zer geratzen da egiteko berdintasunera bidean?

Espiritu kritiko eta analitiko gehiago izan behar dugu. Belarriak eta begiak zabalik mantentzea garrantzitsua da, inguruan dauden mikromatxismoak errotik deuseztatu behar ditugu, eta oso erne egon behar dugu. Nik uste dut hori dela berdintasunaren alde egin daitekeen onena. Ez emakumeen partetik bakarrik, gizonen aldetik ere bai. Bide horretan aurreratzen ari gara, Aranon bezala gainontzeko leku guztietan. 

 
Datozen belaunaldiei zer 
esango zenieke?

Lehenago aipatutakoa errepikatuko nieke: erne egoteko, ikasteko, irakurtzeko eta ingurua ulertzeko. Saiatu daitezela gauzak zuzentzen, ondorengoei begira hobea izango baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!