Heldu dira Inauteriak Aranora, eta ekintza sorta zabala izango dute aukeran herritarrek gaur, egun haundia ospatzeko. Inauteri goiztiarrenak izaten dira eta aurten ere ohitura horri heldu diote aranoarrek.
Goizean goiz abiatuko dira Zomorroak puska biltzera, Izer eta Alabierren trikiti eta pandero doinuek lagunduta. Goizeko 08:00etan jarri dute hitzordua, eta Beltsoko bordan hasiko dira puska biltzen.
Eguerdian herriko elkartean izango dute bazkaria zomorroek; izen ematea asteazkenean amaitu zen. Segidan, 17:30etatik aurrera, urteroko Zahagi dantzaz gozatzeko parada egongo da.
Azkenik, eguna borobiltzeko, elkartean herri afaria antolatu da, eta afalondoan 'Kontua eta zikina' ikuskizuna eskainiko du Ixabel Agirresarobe aktoreak. Aspertzeko denborarik ez dute izango.