Larunbatean ospatuko dituzte Iñauteriak Aranon

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 00:00

Goizean hasiko da festa puxka biltzearekin.

Egun osoko egitaraua izanen da, eta bazkarira eta afarira apuntatzeko epea asteazkenean itxiko dute.

Zomorroen egun haundia izanen da larunbat honetan Aranon. Goizean goiz hasiko dira jarduerak egiten, eta gauera arte luzatuko da Iñauterietako festa. 

Urteroko ohiturari eutsiz, 'puxka biltzea' eginen dute goizean, Surotik abiatuta. Zomorroek goizeko 08:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua Beltsoko Bordan, eta bertatik hasiko dute etxez etxeko ibilbidea, Izer eta Alabier bikotearen laguntzaz. 

Ibilbidea gosetuta amaitzen dute aranoarrek, eta bazkari baten bueltan elkartuko dira aurtengoan ere. Ondoren, arratsaldean, Zahagi dantza egingo dute. 

Aurtengo jarduera berezia gauean iritsiko da; izan ere, herri afariaren ondoren, 'Kontua eta zikina' izeneko ikuskizuna izanen da bertan, Ixabel Agirresarobe Arzallusen eskutik. 

 

Antolatzaileen zenbait ohar

Iñauterien antolatzaileek zenbait ohar helarazi dituzte herritarrentzat. Bazkarira eta afarira izena eman nahi dutenek asteazkenera arte izango dute tartea, Kontsejun edo herriko WhatsApp taldean. Bazkariaren prezioa 15 eurokoa izango da 18 urtetik gorakoentzat, eta 10 eurokoa langabetuentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!