Jardueraz gainezka iritsi da asteburua Aranora. Kulturaz eta ingurumenaz gozatzeko aukera izanen dute bihar herritarrek, kontzertu eta hitzaldi batzuekin.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da lehenengo jarduera: Nafarroako Abesbatzen Elkarteak antolatutako kontzertua. Leitzako Jeiki Abesbatzako kideek eskainiko dute kontzertua, Aranoko elizan. Kantutegi alaia prestatu dute igande eguerdia girotzeko.
Bigarren jarduera, berriz, arratsaldeko 17:00etan izanen da. Iñaki Romero Iraola Aranzadiko Herpetologia saileko kideak 'Aranoko eta inguruetako anfibioei buruzko hitzaldia' eskainiko du. Maisuenean izanen da saioa, eta honela definitu dute antolatzaileek: «Ikuspegi original eta berritzaile bat gure inguruetako anfibioen ohituran, arazoen eta errekurtsoen inguruan».