Landa eremuko emakumeak protagonista asteburuan, Aranon

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Bi emakume egurrarekin lanean, dokumentaleko irudi batean.

'Andiako landa eremuko emakumeak' dokumentala eskainiko dute gaur, 19:00etan Maisuenean.

Asteburu berezia izanen da hau, emakume aranoar askorentzat. Izan ere, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da biharkoa, urriaren 15a; eta hori ospatzeko, hitzordua jarri dute gaur arratsalderako, Maisuenean: 'Andiako landa eremuko emakumeak' dokumentala eskainiko dute bertan, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Jatorri, adin eta belaunaldi ezberdinetako emakumeak dira protagonista dokumentalean, guztiak ere landa eremukoak, Andia mendilerroaren inguruko bost udalerritakoak: Gesalatz, Deierri, Abartzuza, Jaitz eta Lezaun. Elkarrizketen bitartez, beraien istorioak eta bizipenak jaso dituzte, «lur hauetan bizi izan ziren, garen eta etorriko diren emakumeei ahotsa emateko asmoz». Istorio eta bizipen horiek, «Andiako emakumeen historia bakarra» osatzen dute.

Landa eremuari eta horrekiko dagoen ikuspegiari buruz ere hitz egin dute dokumentaleko protagonistek. Horrela, besteak beste, adierazi dute «oso estereotipatuta» dagoela landa eremuan bizitzea zer den: «Badirudi, landa eremuan bizitzeagatik, garela oso gizarte atzeratua eta atzerakoia, ez duena kontuan hartzen emakumea eta egin ditzakeen jarduerak. Baina benetan badaukagu kontzientzia, emakumeok badugu gure askatasuna nahi duguna ikasteko, lan egiteko, eta gure denbora ere nahi dugun moduan aprobetxatzeko». Eta herri txiki batean bizitzearekin pozik agertu dira: «Gaur egungo egoeran, duinagoa da herri batean bizitzea, hiri batean baino. Bizilagunekin daukagun harremanarekin, badakigu noizbait zerbait gertatuz gero gurekin kezkatuko direla. Hirian azkarregi bizi dira, eta herrian zuk markatzen duzu zure bizitzaren erritmoa», dio haietako batek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!