'Andiako landa eremuko emakumeak' dokumentala eskainiko dute Maisuenean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 13a, 00:00

Emakume bat ardiei jaten ematen, dokumentaleko irudi batean.

Bihar arratsaldeko 19:00etan izanen da proiekzioa, urriaren 15a Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela ospatzeko.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da igandekoa, urriaren 15a. Eta hori ospatzeko, emanaldi berezi bat antolatu dute bihar arratsalderako, Aranon: 'Andiako landa eremuko emakumeak' dokumentala eskainiko dute Maisuenean, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Dokumentalak erakusten du hainbat emakumek bizi duten errealitatea, Andia mendilerroaren inguruko bost udalerritan, landa eremuan: Gesalatz, Deierri, Abartzuza, Jaitz eta Lezaun. Jatorri eta adin ezberdinetako emakumeak dira protagonista, «Andiako emakumeen historia bakarra osatzen duten istorio eta bizipenekin». Horrela, beraien kontakizunak batu dituzte, «lur hauetan bizi izan ziren, garen eta etorriko diren emakumeei ahotsa emateko asmoz».

Sandra Urra sortzaile nafarrak egin zuen dokumentala, 2021 urtean zehar, Andiako Mankomunitateak eskatuta. Hainbat galderari erantzun nahi izan zien dokumentalak: Zer da landa eremuko emakume bat izatea? Zein izan dira (eta dira) emakume horien erronkak? Zergatik dira garrantzitsuak landa eremuko emakumeak?

Hainbat erakunde eta elkarteren laguntzarekin osatu dute dokumentala: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, eta Lagunartean, Betilore, Lizarralde, Mujeres de Lezaun eta Mujeres de Salinas de Oro elkarteak.

LAGA Gizarte Zerbitzuen (Leitza, Areso, Goizueta eta Arano) ekimenez eskainiko dute bihar Aranon, eta Areson ere izanen da ikusgai datorren asteartean, 19:00etan, Udal Aretoan. Emanaldira bertaratzerik ez duenak, interneten ere ikusgai dauka dokumentala, Andia Mankomunitatearen YouTubeko kanalean: labur.eus/9FWAn. Euskeraz eta gaztelaniaz egin dute dokumentala, azpitituluekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!