Behe-lainoak hartuta esnatu zen Arano asteazkenean, San Roke egunez; baina horrek ez zuen jaia lausotu. Bisitari ugari gerturatu ziren ermitara, toki askotatik etorritako txistulariek girotuta: Garbiñe Tijero, Patxi Apezetxea, Boni Agirresarobe eta Joseba San Sebastian Hernanitik; Jesus Loiarte Goizuetatik; Juan Antonio Laboa Pasaiatik; Modesto Lasa Aresotik; Juanmi Saizar Leitzatik; eta Jone Zamarbide Arabatik. San Rokeren omenezko mezaren ondoren, hamaiketako ederra egin zuten ermitaren ondoan, txistu doinuak lagun; eta primerako giroa izan zen herri bazkarian ere, Kontsejun.