Aranok txistulariekin San Roke ospatuko du datorren asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 11a, 00:00

San Roke eguna Aranon txistularientzako garrantzitsua da.

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txistulariak goizeko 10:00etan elkartuko dira.

Tradizioari jarraituz, Arano herriak San Roke eguna ospatuko du datorren asteazkenean, abuztuaren 16an. Ohitura den bezala, Santua gurtzen duen ehun urteko baseliza txiki geratuko da, herri mugakideetatik eta Aranotik bertatik Meza Santura joaten den jende guztia hartzeko.

San Roke egunean txistuaren presentzia Hernanitik Antsorena eta Zubillaga txistulari hernaniarrak festara oinez joaten ziren garaitik dator.
Urte askoan txisturik gabe egon ondoren, 1970garren urtean Antonio Intsausti
Txobito txistulari hernaniarra izan zen, Joxan Ruizen laguntzarekin ohiturari berriro heldu ziona.

Txobito Hernaniko txistulari gazteekin batera hasi zen. Urteekin txistulari kopurua haundituz joan zen eta urtez urte hainbat tokitako txistulariak joaten dira jaian parte hartzera.

Aurten Hernani, Goizueta, Leitza, Elorrio, Zarautz, Pasaia, Areso, Araba eta abarretako txistulariak etorriko dira, egun honi alaitasuna eta musika eskainiz. Eguerdian kalejira izango da herrian zehar.

14:30etan herri bazkaria egingo da Kontsejupean. Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aipatutako Aranoko Kontsejupera deituz.

 

EGITARAUA

ARANO

ABUZTUAK 16, SAN ROKE

10:00 Herriko plazan txistularien elkarretaratzea.

10:20 Txistulariak San Roke baselizara abiatuko dira eta ongietorria egingo zaie mezara joaten direnei txistuaren doinuan.

10:30 Aranoko Elizako kanpandorretik jaiaren hasiera iragarriko da kanpai-hotsekin

11:00 Meza baselizan San Roke santuaren omenez.

11:45 Meza amaitu ondoren, baselizaren ondoan hamaiketakoa, txistulariek animatuta. Ondoren kalejira herrian zehar.

14:30 Herri bazkaria Kontsejupen.

18:00 Jaiaren amaiera Agur Jaunak eta Andreak doinuarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!