Pala eta Mus txapelketek emango diote jarraipena Aranoko festa giroari

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 24a, 00:00

Mus Txapelketaren 39. edizioa izanen da aurtengoa. Atzo haurrak izan ziren protagonistak.

Herri giroa nabarmendu zuten Aranoko Santio Jaietako antolatzaileek festak hasi aurretik, eta bete betean asmatu zuten. Giro paregabean ospatzen ari dira herriko egun bereziak, eta gaur jarraipena izango du festetako egitarauak.

Lehiakor xamarrak diren horien txanda izanen da gaur, bi txapelketa jokatuko baitituzte Aranon. Lehenengoa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, herriko ume eta gazteen arteko pala torneoarekin. Herriko frontoian jokatuko dira partiduak. Gauerako geratuko da, aldiz, egitarauko ekitaldi ospetsuenetako bat: Mus Txapelketa. 39. edizioa izanen da aurtengoa, eta lehiakide ugarik parte hartuko dute lehiaketan.

Ederki pasa zuten atzo herriko haur eta gaztetxoek

Herri gurasoen eta umeen eguna izan zen atzokoa, eta bikain pasatu zuten txikienek antolatutako ekintza guztietan. Umore Ona dantza taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten goizean, eta ekintza ugari prestatu zituzten bazkalosterako.

Apar festan txukunak jarri ziren haur eta gaztetxoak, saltoka eta korrika nekatu ziren arte; ondoren, indarrak berreskuratzeko, txokolatada egin zuten, eta altxorraren bila jolasarekin eman zioten jarraipena egunari. Arratsaldea amaitzear zela, bisita berezi bat jaso zuten aranoarrek, Zapotxin pailazoarena. Barre artean agurtu zuten elkar, eta afaltzera joan ziren denak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!