Eguraldiak lagunduta, goxoki zaparradarekin eta buruhaundiekin hasi ziren Aranoko Santioak

Kronika - Erredakzioa 2023ko uzt. 23a, 00:00

Jubilatuen elkarteko kideak izan ziren suziriak pizteko arduradunak.

Festak giro paregabean hasi zituzten Aranon. Txupinazoaz gain, Erramun Martikorena abeslariaren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten. Gaur dantza eta pelota izanen dira goizean, eta Zapotxin arratsaldean. 

Eguerdiko 12:00ak iritsi orduko piztu zuten lehenengo suziria Aranon. Jubilatuen elkarteko kideen ardura izan da aurten, eta esker oneko hitzak eskaini zizkieten bertaratutako herritarrei. Suziriez gain, ez zen urteroko goxoki zaparradaren faltarik izan, eta buruhaundiak segituan atera ziren bertako gaztetxoak astintzera. 

Arratsaldean festa giroak jarraipen berezia izan zuen Aranon; Erramun Martikorena abeslariaren kantaldia izan baitzuten. Gustura pasa zuten arratsaldea aranoarrek, eta afariarekin borobildu zuten festetako lehenengo eguna. 

Gaur ere eguerdi aldera hasiko da mugimendua. Mezaren ondoren Umore Ona dantza taldearen emanaldia izanen da, eta pelota partiduekin amaituko dute goiza. Arratsaldean, berriz, apar festa, txokolatada, altxorraren bila eta Zapotxinen ikuskizuna izanen dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!