Beraiei propio eskainitako egun bat izanen dute, aurtengo Santio Jaietan, haurrek eta gurasoek. Etzikoa izanen da hori, igandekoa, eta ez dute nolanahiko egitaraua prestatu. Ekintza horien artean dago, esaterako, aurtengo Santio Jaietako nobedadeetako bat, Erramun Martikorenaren kantaldiarekin batera: Zapotxin pailazoaren emanaldia.
Igande iluntzean eskainiko du bere ikuskizuna pailazo hernaniarrak, eta kolorea eta errematea jarriko die egun politari. Emanaldiekin hasi berria da Zapotxin, eta maiatzaren 23an eskaini zuen aurreneko saioa, Hernanin. Eta hasi berria izanagatik ere, Biteriko aretoa bete zuen egun horretan, eta beste hainbat plazatan ere izan du arrakasta. Aranoarren irriak eragitera etorriko da oraingoan.
Horren aurretik ere, gozatu ederra hartua izanen dute haur eta gaztetxoek, egun osoan zehar. Goizean, Umore Ona dantza taldekoak izanen dira protagonista aurrena, eta pilotari gaztetxoak ondoren. Arratsaldean, berriz, aparretan murgilduko dira denak, dagoeneko ohitura den apar festarekin. Txokolate beroa izanen dute meriendatzeko, eta Altxorraren Bila jolasarekin osatuko dute arratsaldeko plana.
Batera eta bestera mugitzeari utzi, eta Zapotxin pailazoaren aurrera eseriko dira iluntzean. Eta ondoren, parranda pixka bat ere egin beharko dute, ala...? Izer eta Alabier trikitilariek girotutako afariarekin izanen dute aukera polita, horretarako.