«Etxean bezala» sentituko da Erramun Martikorena abeslaria, gaur arratsaldean, Aranon. Duela 80 urte Baigorrin sortua, mendien artean bizi da baxenafarra ere. Ez du aurreneko kantaldia izanen Aranon, dena den: aspaldi izana da bertan, eta «biziki oroitzapen ona» gorde du gaur artean.
Euskal Herriko dozenaka txoko ezagutu ahal izan du kantuari esker, eta aukera horrekin dago bereziki eskertuta: «Xabier Leteren Nafarroa arragoa abestia oroitarazten dit. Arragoa da burdin ezberdinen nahasketarekin egindako material bat, eta Nafarroa bera eta Euskal Herria zinez hala da. Alde batetik bestera, desberdintasun haundia da, baina nortasuna bera da».
50 urte baino gehiago daramazki kantuan, eta oraindik ere osasuntsu dauka eztarria: «Donapaleun, gitarristak etortzerik izan ez zuela eta, a capella aritu nintzen ordu eta laurden, eta jendea harrituta geratu zen», kontatu du. Bere ibilbideaz, Euskal Herriaz, belaunaldi berriez eta, oro har, kantuaz aritu da Kronikarekin.
Nola iritsi da Erramun Martikorena, Baigorritik Aranora?
Aspaldi izana naiz Aranon. Badira urte andana, baina behin izana naiz bertan. Biziki oroitzapen ona daukat. Herri txiki bat, mendi gain batean; jendea arrunt kontent, eta ni ere bai. Oraingoan berriro deitu didate, eta pozik hartu dut deia. Elizondoar batekin joanen naiz, Joxe Angel Elizalde akordeoilariarekin.
Herri txiki bat, mendi artean. Etxean bezala sentituko zara...
Horixe bera! Ni ere mendien artean bizi naiz, Baigorrin. Nire auzoa, Bastida, Iparla mendiaren magalean dago kokatuta.
Ikusmina piztu du zure kantaldiak. Nolakoa izanen da?
Joan den urtean 10garren diskoa atera nuen, eta kantaldian izanen dira disko horretako kantu batzuk, baina lehenagokoak ere abestuko ditut. Jendeak parte har dezan ere saiatuko naiz. Herriko bestak izanda, normalena da beraiek ere kanta dezaten! Biziki gustuko ditut horrelako kantaldiak.
50 urtetik gora daramazkizu kantuan...
Horrelako zerbait izanen da, bai. 35 urte nituela atera nuen aurreneko diskoa, duela 45 urte; baina lehenago hasia nintzen kantuan, Baigorriko abesbatzan. Bistan zen halako gaitasun bat banuela, baina behar nuen ohitura hartu. Gogoa banuen abesteko, eta Euskal Herria alderik alde ezagutzeko. Ez zen beti erraza izan euskeraz kantatu ahal izatea. Franco hil berria zen, baina Frankismoa hor zen beti. Kontrolak izaten ziren mugan, eta isunak jarri izan dizkigute. Baina gogoa denean gainditzen dira denak.
Hasieran ez zenuen zure burua kantari gisa hartzen...
Bakarrik kantatzeko ez nuen ikusten nire burua, esperientzia behar nuen hartu. Nahi nuen bide hori jorratu, hala ere. Beldur pixka batekin, baina gogotsu, eta hasi nintzen kantari gisa. Kontent nago egin dudan ibilbidearekin. Aunitz herri eta eskualdetan ibili naiz Euskal Herrian; hasi Tuteratik eta kostaldera, Otsagabiara... Alde batetik bestera. Oroitarazten dit Xabier Leteren kantu bat, 'Nafarroa arragoa'. Arragoa da burdin ezberdinen nahasketarekin egindako material bat. Eta Nafarroa bera eta Euskal Herria, zinez hala dira. Alde batetik bestera, desberdintasun haundiak badira, baina nortasuna bera da. Diferentzia haundiekin, nortasun haundi bat mantentzen da.
Gustura nabari zaizu hizketan, Euskal Herria ezagutzeko izan duzun aukeraz. Hori da kantatzeak eman dizun gauzarik onenetakoa?
Bai, zalantzarik gabe; gauzarik haundienetakoa, eta haundiena beharbada. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut, eta mantentzen ditut harremanak oraindik.
Euskal Herritik kanpo ere ibili naiz. Kalifornian izan nintzen, Euskal Diaspora ezagutzen. Hango euskaldunekin izan nintzen, Baigorritik bertatik hara joandakoekin ere bai. Gehienbat Iparraldeko jendea da Kalifornian. Baina izan nintzen AEBetako iparraldean ere, Wyomingen eta Boisen, eta han bizkaitarrak dira gehiago. Denetan ongietorri ona egin didate, eta eskertzen ditut denak. Oroitzapen onak dauzkat.
Kalifornian ez ezik, beste hainbat tokitan ere aritu zara kantuan.
Bai, hala da. Bretainan, Kortsikan, Austrian edota Belgikan aritu naiz, eta esperientzia biziki ona izan da. Leku batetik bestera, egokitu behar da pixka bat, eta egokitzapen hori egiten ere ikasi dut. Ongi atera dira.
2004an agurra iragarri zenuen, baina urte gutxira bueltatu zinen.
Garai hartan sentitzen nuen halako neke bat, eta behar nuela gelditu. Aunitz kantaldi egiten nituen, harat eta honat; baserriko lana ere banuen, ardiak mendian, eta semea jaio berria zen. Urtean 40 kantaldi eman izan ditut, eta batera eta bestera joan behar. Beraz, gelditzeko beharra ikusi nuen. Hiruzpalau urte pasatu nituen kantaldirik egin gabe, baina eten bat eginda, berriro itzuli nintzen, eta kontent. Harra sartu zitzaidan, eta berriro abiatzeko gogoa.
80 urterekin, nola daramazkizu kantaldiak?
Ontsa, eta kontent horrela izaitea. Diska berriarekin Baigorriko elizan egin nuen aurkezpena, eta bete egin zen eliza. Donapaleun ere aritu nintzen. Eta badauzkat egiteko bi kantaldi Baztanen, Bidarten, Azkainen...
Oso tonu karakteristikoa jarri izan diezu abestiei, entzulearen belarrietara urteetan mantendu dena. Baina zuk nabarituko zenituen aldaketak zure
ahotsean, ezta?
Zertxobait aldatu da, bai. Pixka bat apalxeago kantatzen dut. Aritzen naiz entzuten grabaketak, duela urte mordo batekoak; eta ematen du biziki errexki egiten nuela gora tonuan, eta hori galdu dut pixka bat. Nota apaletan, berriz, hobekiago ateratzen dut orain.
Zure eztarriak osasun ona dauka, beraz?
Bai bai, ordubeteko saioak arazorik gabe egiten ditut. Donapaleuko kantaldian, urte hasieran, gitarrista baten laguntzarekin aritu behar nuen. Baina azkeneko momentuan, ezin izan zuen etorri, eta a capella egin nuen ordu eta laurden. Jendea harrituta geratu zen.
Badira zuk kantatutako abesti batzuk, oraindik ere oso presente daudenak, eta nonahi entzuten direnak. Horien artean nabarmenena, Xabier Leteren 'Xalbadorren heriotzean', ezta?
Bai, eta oso kantu berezia da niretzat. Oroitzapena dut, Xalbador hil zelarik, ni ere han nintzela, Urepelen omenaldia egin ziotenean; eta hunkituta itzuli nintzela etxera.
Zure kantatzeko moduarekin, zer eman nahi izan diezu abestiei?
Nire interpretazioa ematen saiatu naiz, kantu motaren arabera. Kantua bera tristea bazen, modu airosago batean ematen saiatu naiz; eta abestia bortitza bada, eztitzen saiatu naiz.
Azkenaldian estilo berrietan ikusi zaitugu, 'Itzulera' abestiarekin. Nolako esperientzia izan da zuretzat?
Biziki ona. Pello Reparazek lagundu ninduen, eta nire ohiturako moldea ez izan arren, moldatu nintzen. Barnetik sentitu nuen, eta barnetik kantatu nuen. Jakin dudanagatik, jendeari biziki gustatu zaio. Mezu sakona du abestiak, eta biziki hunkitua geratu da jendea.
Nabaritu duzu abesti horren ondorioz beste publiko batengana gerturatu zarela?
Bai bai, etorri izan zaizkit 15-16 urteko gazteak, baita haurrak ere, erranez zeinen ederra den abestia, eta beraiek ere abesten hasi zaizkit.
Zu kantuan hasi zinenetik, asko aldatuko zen euskal musika...
Asko aldatu da, bai. Garai batean herrikoiagoa zen kantua. Oraingo belaunaldi berriak badu bere moldea, bizimoldea ere aldatu baita aunitz, eta horrek eragiten die. Ostatuan eta, gazte gutxiago entzuten da kantuan. Baina euskal kantuak iraunen du, eta mantenduko da belaunaldi berriekin ere, herrikoi bilakatzeko.
'A capella' zein instrumentuen laguntzaz eskaini izan dituzu kantaldiak. Nola aritu zara gusturago?
Bakoitzak badu bere ekarpena, eta bakoitzarekin behar da moldatu. Esperientzia ona izan dut batarekin zein bestearekin. Ahots hutsean ari zarenean, dena dago zure esku. Musikarekin denean, behar duzu musikariarekin ere moldatu, eta egokitu behar da, baina badu bere erraztasuna ere. 'A capella' kantatzean, berriz, zure libertatea duzu, baina asumitu egin behar da dena.
Joan den urtean argitaratu zenuen 'Zabaltzen' disko berria. Zer biltzen du?
Batetik, badira Jean-Louis Davanten testuak, melodia moldatuekin. Bada beste abesti bat, izenpetua ez dena. Norbaitek utzi zidan kopia bat, ez zen izenpetua, eta ez dut oroitzen nork utzi zidan ere. Baina melodia bat jarri diot hari ere. Horiez gain, Xabier Leteren abestiak ere badaude, edota Mixel Labeguerierenak.
Diskoa argitaratu berri, soka luzea dauka Erramun Martikorenaren kantagintzak oraindik?
Tira, orain egunean egunekoari helduta ariko naiz. Egina egin, eta aurrera jo, ahal den bitartean. Orain ez naiz nekatuta sentitzen, eta gustura ari naiz. Afizio bat da niretzat.
Kantaldietatik harago, zein testuingurutan abesten duzu?
Mendian bai, batzuetan; eta lagunartean ere bai. Lehengo bertso zahar batzuk ateratzen ditut, nire aitatxik gordetzen zituenak, eta liburuetan ere ageri ez direnak. Baigorriko karrikara jaisten naiz lagunekin kafea hartzera, eta solasean aritzen gara, baina batzuetan bertso zahar batzuk kantatzen ditut.
Artzain lanetan ere, ohikoa zenuen abestea?
Bai, noski! Eta oraindik ere bai. Baditut 50 bat ardi, eta gasna ere egiten dut. Hori da nire beste afizioa.
Ardiek askotan entzun zaituzte kantuan, beraz.
Bai! Ardiek denetarik entzun dute, abestiak bai eta txistuak ere bai (barrez).
Nolako 'entzuleak' dira ardiak?
Ez dute zipitzik ere erraiten (barrez)! Baina beldurtu ere ez dira egiten, dirudienez. Lasai egoten dira, ohituta daude kantuekin.