Eguerdiko 12:00etako kanpaiak jotzeko minutu gutxi falta, eta herritar guztiak txoko beretsuan elkartuta: udaletxea, Kontseju eta elkartearen arteko plazatxoan asko, haur eta gaztetxoak gehienak; eta gaineko belardian edota eskaileretan beste hainbat, heldu. Eta guzti-guztiak gora begira, udaletxeko balkoira, Santio Jaiak noiz hasiko zain. Ez iskanbilarik, ez zalapartarik eta ez kamixetak gorriz tintatzeko ardorik. Horren ordez, goxotasuna, txupinazotik bertatik hasita.
Bihar eguerdian hasiko dira Aranoko Santio Jaiak, eta horixe izanen dute ezaugarri bereizgarria, beste urte batez: goxotasuna eta izaera herrikoia.
Herriko artisau eta produktuen feria, Santioak behar bezala hasteko
Zeruan suziriak eztanda egitearekin batera, goxoki eta opari zaparrada izanen da balkoitik, eta lurrean batera eta bestera ibiliko dira haurrak, poltsa bana eskuan hartuta, zeinek gehiago bilduko. Poltsak askatu gabe, korrika saiotxoa ere egin beharko dute, buruhaundien aurretik...
Eta ondoren, plazatik frontoiaren ondoko karpara mugituko da festa, urteroko hitzordu arrakastatsuarekin: herriko artisauen eta produktuen azoka eginen dute bertan. Etxean egindako sagardoa, txorizo egosia, gazta, urdaiazpikoa, patata tortilla eta gustu guztietarako gozoak izanen dira aukeran; hamaiketakoa egiteko baino, bertatik bazkalduta ateratzeko adina... Gainera, ez du hutsik eginen patata tortilla lehiaketak ere, eta feriaren bukaeran jakinaraziko dute, zein diren Aranoko sukaldari onenak, une honetan.
Erramun Martikorenaren kantaldia, bihar arratsaldean
Jaien hasiera berezia izanen bada, arratsaldea ere ez da nolanahikoa izanen. Puntako kantaldia antolatu dute, Erramun Martikorena abeslari baxenafarrarekin. 80 urterekin, eztarria osasuntsu duela etorriko da baigorritarra, eta emanaldi goxoa eskainiko du, bertaratuen gozamenerako. Joxe Angel Elizalde akordeoilari elizondoarraren laguntzaz, bere azken diskoko abestiak kantatuko ditu, baina baita lehenagokoak ere. Kantaldiari eta bere ibilbideari buruz, elkarrizketa zabala egin dio Kronikak Martikorenari, eta hurrengo orrialdeetan dago irakurgai.
Santioen aurreneko eguna borobiltzeko, herri afaria eginen dute karpan, norberak eramandakoarekin. Musika, berriz, Gorka disko jartzailearen esku izanen da, afaria eta afalondorena girotzeko.
Umeei eta herri gurasoei eskainitakoa, igandeko egitarau potoloa
Larunbateko egitarau zabalari, igandekoak jarriko dio errematea, asteburu borobila osatzeko. Umeei eta herri gurasoei eskainitako eguna izanen da jaietako bigarrena, eta haiek izanen dira protagonista, eguneko ekintza gehienetan. Hori horrela, goizeko mezaren ondoren, herri gurasoentzako hamaiketakoa prestatuko dute eguerdian, eta Umore Ona dantza taldeak emanaldia eskainiko du segidan. Gainera, haur eta gazteen arteko pilota partiduak ere jokatuko dituzte frontoian, bazkaltzera joan aurretik.
Ez dira bazkalorduan bukatuko, familia giroan gozatzeko ekintzak. Are gehiago gozatuko dute arratsaldean, ia atsedenerako tarterik gabe. Aurrena, apar festa eginen dute beste urte batez, itsasoan baleude bezala, bainujantziak eta uretako betaurrekoak hartu eta aparretan murgiltzeko. Ondoren, meriendarako tartea eginen dute, txokolate jatearekin. Eta indarrak berrituta, buruari eragin eta jolasean aritzeko tartea izanen da: Altxorraren Bila jokoan ariko dira, herrian barrena.
Jolas kontuak utzita, ez dituzte gaztetxoak gehiago nekaraziko; bai, ordea, gozatzeko aukera ederra eskaini, iluntzean. Izan ere, Zapotxin pailazo hernaniarraren bisita jasoko dute aranoarrek, eta estreinatu berri duen ikuskizuna eskainiko du bertan.
Eguna borobiltzeko, larunbatekoaren formula berdintsua baliatuko dute igandean ere: herri afaria eginen dute, berriro ere norberak eramandakoarekin. Oraingoan, bikote bat ariko da afaria girotzen, aranoarren artean aski ezaguna: Izer eta Alabier musikariak.
Astelehenean atseden, egun haundiaren aurretik
Lau eguneko jaietan, bada bat lasaiagoa aurten, atseden pixka bat hartzeko eta indarrak berritzeko baliatuko dutena, Santio Egun haundiaren aurretik. Bi hitzordu soilik jarri dituzte astelehenerako, herritar askok lanera ere joan beharko dutelako. Baina lan jarduna bukatuta, izanen dute zerekin gozatua, arratsaldean eta gauean.
Herriko haur eta gazteak izanen dira protagonista arratsaldean, eta frontoian elkartuko dira. Izan ere, pala txapelketa jokatuko dute bertan, 18:00etan hasita eta iluntzera bitartean.
Gauean, berriz, segida izanen du lehiak, baina beste modu batera: mahaiaren bueltan. Aranoko Mus Txapelketaren 39garren edizioa jokatuko dute San Roke elkartean, 22:00etan hasita.
Ohiko plan arrakastatsua, Santio Egunerako: esku pelota, herri kirolak eta bertsolariak
Indarrak berrituta iritsiko dira aranoarrak, jaietako egun berezienera: asteartean ospatuko dute Santio Eguna, goizetik gauera, ohiko plan arrakastatsuarekin. Horretarako, goizean goizetik jasoko dute bisita Hernanitik, herria doinu atseginez esnatuko baitute dultzaineroek, dianarekin.
Goizeko 10:00etan izanen da hori, eta Santio Eguneko mezarako, elizara hurbilduko dira herritarrak 11:00etan. Ondoren, frontoia izanen da elkargune, bazkalordura bitartean. Bi pilota partidu jokatuko dituzte eskuz, biak ere pilotari ezagunekin. Aurrenekoan, ohiko erronka botako diote aranoarrek eta goizuetarrek elkarri, bi herrien arteko partiduarekin. Iazko bikote berberak izanen dira aurrez aurre: Egoitz Olaizola eta Markel Lizeaga ariko dira Aranoren izenean, eta Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea izanen dira Goizuetaren ordezkari. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, eta Aranoko frontoiaren ezaugarriek ere ez dituzte ezustean harrapatuko. Zein herri nagusituko ote da oraingoan?
Haien ondoren, gazteen arteko lehiak emanen dio segida frontoian piztutako giroari. Bikote konbinazio polita osatu dute gainera, bailarako eta inguruko lau pelotarirekin: Julen Deskarga hernaniarrak eta Egoitz Elizegi goizuetarrak elkarrekin jokatuko dute, eta aurrez aurre izanen dituzte Mikel Leonet oiartzuarra eta Oihan Legarreta aranoarra. Partidu horretan ere, izanen dute preferentziarik aranoarrek!
Arratsaldean, berriz, ez dute hutsik eginen herri kirolek. 17:30etan hasiko da erakustaldia, eta bi bikote ariko dira lehian, aizkoran: Haritz Esnal usurbildarra eta Oihana Fernandez de Barrena herediatarrak osatuko dute bikote bat; eta Mikel Indakoetxea Palaxio zubietarrak eta Malen Barrenetxea hernaniarrak bestea.
Eta Santio Eguna behar bezala borobiltzeko, punta-puntako bertso saioa izanen da ondoren, 19:00etan hasita. Momentuko bertsolari onenetako lau ariko dira bertsotan, tartean Euskal Herriko Txapelketaren finalean aritutako hiru: Maialen Lujanbio hernaniarra, Joanes Illarregi leitzarra, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Julio Soto gorritiarra.
Bingo musikatuarekin errematea, aurtengo Santioei
Baina bertsoekin ez dira bukatuko aurtengo Santio Jaiak, azkenera arte zukutuko baitute Santio Eguna aranoarrek. Horretarako, asteburuko bi gauetan egin bezala, herri afaria eginen dute asteartean ere, karparen babesean elkartuta, norberak etxetik eramandakoarekin. Eta ez da nolanahiko afaria izanen, plan polita prestatu baitute giroa pizteko: bingo musikatua eginen dute bertan. Aurtengo Inauterietan egin zuten, eta antza denez, gustatu zitzaien esperientzia, ez baitute datorren urteko otsailera itxaron nahi izan, errepikatzeko.
Linea edo bingo kantatu edo ez, modurik onenean bukatuko dituzte aurtengo Santioak.
ARANOKO SANTIO JAIAKUZTAILAK 22 12:00, Festen hasierako txupinazoa, buruhaundiek lagunduta. Ondoren, Herriko artisau eta produktuen feria, eta tortilla lehiaketa. 18:00, Erramun Martikorenaren kantaldia. 21:00, Herri afari autogestionatua karpan, DJ Gorkak girotuta.
UZTAILAK 23 Umeen eta herri gurasoen eguna 11:00, Meza. 12:00, Umore Ona dantza taldearen emanaldia. Segidan, Ume eta gazteen arteko pilota partiduak. 16:00, Apar festa. 17:30, Txokolatea. 18:30, Altxorraren bila. 20:00, Zapotxin pailazoaren ikuskizuna. Ondoren, Herri afari autogestionatua, Izer eta Alabierrek girotuta.
UZTAILAK 24 18:00, Herriko ume eta gazteen arteko pala torneoa. 22:00, 39. Mus Txapelketa.
UZTAILAK 25 Santio eguna 10:00, Diana, Hernaniko dultzaineroen eskutik. 11:00, Meza. Ondoren, Aranoren eta Goizuetaren arteko ohiko esku pilota partidua: Aranorekin, Egoitz Olaizola eta Markel Lizeaga; eta Goizuetarekin, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea. Segidan, Jubenilen arteko esku pilota partidua: Julen Deskarga eta Egoitz Elizegi, eta Mikel Leonet eta Oihan Legarreta. 17:30, Herri kirolak: Haritz Esnal eta Oihana Fernandez de Barrena, Mikel Indakoetxea 'Palaxio' eta Malen Barrenetxearen kontra. 19:00, Bertso saioa: Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio eta Julio Soto. Festak bukatzeko, Herri afari autogestionatua, bingo musikatuarekin. |