Oso aldrebesa izan da egunerokoa aranoarrentzat, maiatzaren 20ko goizaldeko eurite eta ekaitz bortitzetik. Aranorako errepide nagusia etenda dago tarteka, karril oso bat erori zelako eta konponketa lanetan ari direlako; eta Surora eta hainbat baserritara doazen bideak ere oso kaltetuta daude, ia erabilezin.
«Goizeko ordu biak aldera hasi zen euria, eta hiruetatik aurrera, oso bortitza izan zen ekaitza, sekulakoak bota zituen. Esnatu ginenean, bizilagunak hasi ziren deika, esanez lurjausi pila bat izan zirela, bideak itxita zeudela... Goiko Herrin ez genuen askorik nabaritzen; aldapan dagoenez, ura etorri ahala joan zen behera... Baina norabaitera dijoa, noski», kontatu du Joxan Ruiz Miner alkateak.
Horrela, erreka txoko guztiak bete ziren, eta «kolapsoa» izan zen: «Iturburu guztiak beteta, nonbaitetik atera behar zuen urak, eta lurjausiak izan ziren goitik behera. Mendiak ebaki zituen, eta baita azpiko pistak ere. Sekulako autopistak ireki zituen urak. Tuberiak zeuden toki batzuetan, orain ez dira existitzen, eraman egin ditu».
Hasierako urduritasuna eta beldurra, pixkanaka lasaitu zen laguntza iritsi zenean: «Azpimarratu behar dugu, beste behin, Goizuetako suhiltzaile boluntarioen lana. Beti bezala etorri ziren, eta nola gainera», nabarmendu du alkateak. Larrialdi zerbitzuetara ere deitu zuten, eta alarma guztiak piztu ziren jakitean 217 litro pilatu zirela metro karratuko, ordu gutxitan: «Maria Chivite presidenteak deitu zidan berehala, eta esan zidan behar genuen guztia jarriko zutela gure eskura. Eta hala izan zen; eguerdirako hemen ziren obra publikoetako langileak, makinaria pisutsuarekin, bideak irekitzen». Gainera, alkateak eskertu du Construcciones Mariezkurrenako langileen «azkartasuna eta sentsibilitatea», herritarren beharrei entzunez eta momentuko konponketa guztiak eginez.
Kalteen balorazioa, bi eguneko epean
Aurreneko konponketa horiek eginda, izandako kalteak eta galerak baloratzeari ekin zioten hurrengo egunean, ingeniari batekin: «Bi egunetan behar genuen eginda, eta oso zaila da. Kalte berriak azaltzen dira aldiro, lurjausi berriak izaten dira, bizilagun batek deitzen dizu gertatu zaiona kontatuz... Eta hor sartzen dira aseguruak eta kontsortzioak ere, tartean». Aste honetan izan da Nafarroako Gobernuko teknikari bat ere Aranon, kalteak baloratzen.
Eta asteazkenean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan egin zuten bilera, Aranoko, Goizuetako, Berako eta Lesakako alkateek, Gobernuko ordezkariekin: «Maria Chivitek egin zigun harrera, eta berretsi zuen edozertan laguntzeko daudela. Ondoren, bildu ginen lehendakariordearekin, eta obra publikoetako zein administrazio lokaleko ordezkariekin, besteak beste. Gure beharrak eta kalteak jarri genituen mahai gainean, eta bilera baikorra eta beharrezkoa izan zen», azaldu du Joxan Ruizek.
Baikortasun horren arrazoietako bat da, Nafarroako Gobernutik jaso duten proposamena: «Berez, emergentzietako bideak dio Gobernuak %75eko dirulaguntza emango digula, eta Aranoko Udalak ordaindu beharko lukeela %25a eta BEZa. Baina 2,5 milioi euroko obrak dira, eta guk ezin diogu horri aurre egin. Hori horrela, beste linea bat irekitzea proposatu dute. Udalak Gobernuari eskumena emango dio obra publikoetarako eskumena, baimen berezi batekin; eta horrela, Gobernuak izango du ahalmena obra horiek lizitatzeko eta esleitzeko, kostuaren %100a bere gain hartuz. Hori da bide bakarra guretzat. Bestela, 15 urte barru berdin egongo ginateke».
Zentzu horretan, datorren astea «klabea» izango dela uste du Aranoko alkateak, «ikusteko nola bideratzen ditugun hurrengo pausoak. Zabaldu den bide horretatik, aukera ikusten dut epe ez oso luzera gauzak bere onera bueltatzeko. Hauteskundeen ondoren, berriro osatu behar da Parlamentua; baina emergentzia izanda, uste dut egun gutxitan artikulatu daitekeela, eta hori da gure aukera bakarra».
«Emergentzitako lanak ezin dira egin urtebeteko epean»
Behin eta berriro azpimarratu du Joxan Ruizek, «emergentzitako lanak» direla egin beharrekoak, eta horiei «berehala» eman behar zaiela soluzioa: «Ezin dira urtebeteko epean egin, orain egin behar dira. Suroko errepidea ia ezin da erabili, karril bat falta zaio, eta konpondu egin behar da. Kotxe bat pasa daiteke, baina amildegia dago ondoan. Hainbat baserritarako bideak ere oso kaltetuta daude, eta berehala eman behar zaie soluzioa. Eta Irakurri poligonoko sarrera ere urak eraman du, karril oso bat falta da, eta egin den bide alternatiboa ez da egonkorra. Enpresa batek erosi berri du, bertan ezartzeko asmoz; eta garrantzitsua da Aranorentzat eta bailararentzat, lanpostuak sortuko direlako, eta ekonomia suspertzea ahalbidetu dezakeelako».
Errepide nagusiei dagokienez (Hernani-Goizueta bidea eta bidegurutzetik Aranora igotzen dena), 6-8 hilabeteko epea aurreikusi dute, konponketak amaitzeko.
«Gure ur iturburuak harriz eta lurrez beteta daude»
Ez dira errepideak eta bideak, ordea, arazo bakarra: «Hurrengo pausoa, oso garrantzitsua, izango da ur hornidura bermatzea. Gure iturburuak harriz eta lurrez beteta daude goraino, eta horiek garbitu behar ditugu, uda badatorrelako eta beharko ditugulako. Une honetan badaukagu ura, iturburu nagusitik; baina beste bi presa txiki dauzkagu, ura falta denean ekartzeko, eta erabilezin daude orain. Benta Berrin ere badauzkagu beste hiru presa, bi egoera oso larrian eta hirugarrena txikituta».
Zentzu horretan, alkateak uste du «denbora asko» pasako dela normaltasunera bueltatu arte: «Orain egiten ez ditugun lanak, hurrengo belaunaldiek sufrituko dituzte. Eta eskerrak kalte pertsonalik ez dugun izan, beste kontu batez ariko ginateke bestela... Bidea oso luzea izango da, eta topatuko ditugun harri kozkor guztiak gainditu beharko ditugu. Beste lau urtez ariko gara gu udaletxean, eta administrazioak nola funtzionatzen duen ezagututa, saiatuko gara ahalik eta azkarren zuzentzen gauzak». Gainera, adierazi du UPNren Aranorako hautagaien interes falta sumatu dutela, «laguntza eskaintzeko deitzea edo herritarren egoera ezagutzera etortzea».
Erakunde ezberdinen arteko elkarlana, «ezinbestekoa»
Nafarroako Gobernuarekin ez ezik, gainerako erakundeekin lanean aritzeko deia luzatu du Aranoko alkateak. Horri ekin diote bailarako udalek, aspalditik urratutako bideari jarraituz: «Aurreko astean bildu ginen Hernani, Goizueta, Ereñotzu, Urnieta eta Aranoko alkateak, eta adostu genuen perito bat hartzea elkarrekin, herritarrei laguntzeko. Berarekin, herri bilera bat egingo dugu Aranon, herritarrak informatzeko, kalteak dituenak nola eta nori erreklamatu».
Elkarlan hori zabalduz, mahai baten inguruan esertzeko deia luzatu die Gipuzkoako Foru Aldundiari, Nafarroako Gobernuari, URA agentziari, konfederazioari eta Iberdrolari: «Badirudi hau Nafarroan bakarrik gertatu dela, baina Gipuzkoan ere izan dira kalteak, Ereñotzun eta Hernanin. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu, beste begirada batekin begiratu dezatela. Errekak ez du ulertzen muga administratiboez, eta bailara osoak jaso ditu kalteak. Ezinbestekoa da administrazioen arteko elkarlana. Pagoagan, Latsen, Olazarren, Ugaldetxon... kalte haundiak izan dira. Hernani ez da Epelen bukatzen, Naparralde pasata baizik».
Irakurri poligonoko sarreraren harira izan dituzte eztabaidak, muga non dagoen: «Planoek garbi erakusten dute, errekak markatzen du muga. Baina esaten dute errepideraino dela Arano. Nafarroa haunditzen ari gara, ala? Bakoitzak hartu dezala dagokion ardura, lanak egiteko».