Bost eserlekuak eskuratu ditu Herri Aierrizek Aranon, eta botorik ez UPNk

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 00:00

Herritar bat bozkatzen, atzo Maisuenean, Aranoko Udal Hauteskundeetan.

Joxan Ruiz izango da alkate, beste lau urtez. %64,77ko partehartzearekin, Herri Aierrizen bost hautagaientzat izan dira boto guztiak, bi zuri eta bi baliogabe izan ezik. Bost puntu egin du gora partehartzeak, 2019koen aldean.

Herri Aierrizenak izango dira, datozen lau urteotan ere, Aranoko Udaleko bost zinegotziak. Aranoarren babesa jaso zuen herriko plataformak, eta aldiz, boto bakar bate ere ez zuten eskuratu UPNko hautagaiek.

Deituta zeuden 88 herritarretatik, 57 gerturatu ziren Maisueneako hauteslekura; eta beraz, %64,77ak bozkatuta, bost puntu egin du gora partehartzeak, aurreko udal hauteskundeen aldean. Bi boto izan ziren baliogabeak, eta beste bi zuriak. Gainerako guztiak, Herri Aierrizeko hautagaientzat izan ziren, kontutan hartuta, lau aukeratu behar zituela hautesle bakoitzak.

44 boto jaso zituen Xabier Cuetok, 40 Joxan Ruizek eta Xabier Legarretak, 35 Jon Mari Beasainek, eta 28 Kontxi Claverrek. Bostek osatuko dute Aranoko Udala berriro, eta Joxan Ruiz izango da alkate, beste lau urtez.

 

JOXAN RUIZ: «HERRIKO ZERRENDARI EMAN DIOTE BOTOA ARANOARREK»
 

Emaitzak jaso berritan egin zuen balorazioa Joxan Ruizek berak, Kronikarentzat: «Oso pozik gaude. Aranoarrek herriko zerrendari eman diote botoa, kanpoko jendeari botorik eman gabe. Jende asko gerturatu da hauteslekura. Mugitu egin da jendea, eta oso gustura gaude eman diguten babesarekin. Konfiantza erakutsi dute guregan, eta ederra da hori». 

Hemendik aurrera egingo duten bidearen lehenengo zertzeladak ere eman zituen: «Orain, aurreneko lehentasuna izango da aurreko asteburuko ekaitzak eragindako kalteak konpontzea. Aste honetan bertan egingo ditugu bilerak Nafarroako Gobernuarekin, eta adostuko dugu nola egin aurre arazo horiei». Eta hortik aurrera, segida eman nahi diote aurreko legegintzaldiko ildoari: «Beste lau urte dauzkagu hasitako lanak bukatzeko», nabarmendu zuen Aranoko alkateak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!