Gaur goizeko 02:00etatik 04:00etara bitartean, euri jasa izan da Aranon, eta ondorioz, inkomunikatuta geratu da.
Añarbek jakinarazi duenez, «gaur goizeko euriteak zuzenean eragin dio Añarbeko presaren inguruari; izan ere, 240 l/m2 baino gehiago erregistratu dira hiru ordutan».
Euriteen ondorioz, zenbait errekak gainezka egin dute, eta urak etxeak eta saltokiak hartu ditu, tartean, Goizuetan eta Aranon.
Nafarroako Obra Publikoen Kontserbazio taldea luiziak kentzeko ahaleginetan ari da, errepideak irekitzeko. Hala ere, ordu askotako lan izanen da; izan ere, errepide zati batzuk hondatuta eta hautsita daude.