«Gazteei etxebizitza bat eskaintzea da daukagun erronka haundiena»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Joxan Ruiz Miner, Herri Aierrizen alkategaia.

Lau legealdi beteta, bosgarren aldiz aurkeztuko da Joxan Ruiz Miner Aranoko alkatetzara, Herri Aierriz taldearekin. Egindakoarekin pozik dago, eta lana borobildu nahi du: «Egindako lanari bukaera bat eman nahi diogu. Gazteei pasa nahi diegu erronka, baina bitartean lanari ekingo diogu Arano hobetzen jarraitzeko asmoz».

Lau urtez alkate izan ondoren, zu izango zara zerrendaburu berriro. Pozik hartu duzu erronka?

Orain dela hamabi urte hasi ginen lanean, eta hurrengo lau urteetan egindako lanari bukaera bat eman nahi diogu. Atzetik datozen gazteei erronka pasa nahi diegu hemendik lau urtera, baina bitartean lanari ekingo diogu.

Bost laguneko taldea osatu duzue, aldaketa gutxirekin. Eskarmentua lagungarri izango da? Bakoitzak zein gai landuko du?

Bai, noski. Urteak pasa ahala ikasi egiten da administrazioan lan egiten. Gurpila martxan dago, batzuetan nahi baino mantxoago doa, baliabide gutxiko administrazioetan zaila izaten baita egun batetik bestera arazoak konpontzea. Baina pixkanaka pixkanaka gurpilak martxan jarraitzen du.

Udal taldean bost herritarrek parte hartuko dugu; Xabi Cuetok alkateordetza eramango du, hirigintza arloan Xabier Legarreta izango da, Gizarte Zerbitzuetan Kontxi Klaber eta euskera zerbitzuetan Jon Mari Beasain. Azken legealdiko eskema berbera jarraitu nahi dugu.

Nolako balorazioa egiten duzue aurreko legegintzaldiaren inguruan?

Balorazio positiboa egin nahi dugu. Azpiegiturei dagokienez, araztegi berri bat eraiki dugu, ezinbestekoak diren azpiegiturak oso garrantzitsuak dira despopulazioaren aurka lan egiteko. Zerbitzu publikoak bermatzea izan da ardatz nagusia azken lau urte hauetan.

«Daukagun erronka haundienetako bat gazteei etxebizitza bat eskaintzea da, gazteak herrian geratzea nahi badugu azpiegiturak eta zerbitzuak bermatu behar ditugu. Horretarako prozesu partehartzaile bat abiatu beharko dugu herriko gazteen egoera aztertu eta beharrak betetzeko»

Herri Aierrizeko taldekideak, Aranon.

 

Lau urte hauetan urratutako bideari segida ematea da asmoa?

Azkeneko hiru legealditan egindako lanari jarraipena eta bukaera eman nahi diogu, herriko gazteei lekukoa pasatzeko.

Zein behar eta erronka dauzka herriak? Zein izango dira lehentasunak?

Daukagun erronka haundienetako bat gazteei etxebizitza bat eskaintzea da; gazteak herrian geratzea nahi badugu azpiegiturak eta zerbitzuak bermatu behar ditugu. Horretarako, prozesu partehartzaile bat abiatu beharko dugu herriko gazteen egoera aztertu eta beharrak betetzeko.

Beherakada demografikoak arazo izaten jarraitzen du herri txikietan. Zein da egungo egoera Aranon? Zer egin daiteke horren aurrean?

Azken urteetan gorakada bat izan zuen Aranok, familia berriak osatu ziren, eta horrek esperantza sortu zigun. Gaur egun, gauzak aldatu egin dira berriro, eta populazioaren beherakada baten aurrean gaude. Kezka haundia sortzen digu egoerak.

Herrian bizi eta bertan lan egiteko aukera izatea da erronketako bat. Mendialdeko aktibazio 
sozioekonomikorako  plana osatu da horrela. Zertan lagunduko du? Horrez gain, zer gehiago egin daiteke aranoarrak bertan errotu ahal izateko?

Herrian bertan geratzeko lan-arloa oso garrantzitsua da. Horretarako Aranon daukagun poligonoaren sustapena ezinbestekoa da. Abian jarritako plan sozioekonomikoa lagungarria izan daiteke lanpostu berriak Aranon bertan sortzeko.

Zerbitzu publikorik apenas dago herrian bertan. Zein lirateke beharrezkoenak? Zer egin daiteke horiek hurbiltzeko?

Zerbitzu publikoetan ere lan galanta daukagu egiteko; osasun arloan mediku eta pediatra bertan edukitzea oso garrantzitsua dela pentsatzen dugu. Garraio zerbitzu integral bat izateko lanean gaude, garraioa herrira eta auzoetara iristea da gure helburua; Suro auzora, Beheko herrira eta beste inguruko baserrietara, adibidez. Leitzatik Hernanira joango den autobus linearen diseinuaren lanak duela urte batzuk hasi ziren, Nafar Gobernuak bultzatuta, ea ez diren askoz gehiago luzatzen.

«Azken urteetan gorakada bat izan zuen Aranok, familia berriak osatu ziren eta horrek esperantza ekarri zigun. Gaur egun, adliz, gauzak aldatu egin dira, eta populazioaren beherakada baten aurrean gaude. Horrek asko kezkatzen gaitu»

 

Dendarik ere ez dago aspaldian, eta saltzaile ibiltarien bitartez iristen dira elikagaiak herrira. Kezkatzen zaituzte horiek bukatu ahal izateak? Zer egin daiteke horri begira?

Aranon dendarik ez daukagunez kanpotik etortzen zaizkigu zerbitzua ematera. Asteazkenetan Amaia etortzen da arraina saltzera eta ostiralero Goizuetako harategiko Juan Ramon. Benetan eskertzekoa da zerbitzu hau herrian edukitzea eta horrelakoak falta direnean konturatzen gara zer nolako garrantzia duten. Txalotzekoa da herri txikietara produktu frexkoak ekartzera etortzen direnen lana.

Herritarrei bidea errazteko, Nafarroaren eta Gipuzkoaren artean hitzarmenik behar al da?

Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko harremanak sakondu behar dira. Ezbeharretan Goizuetako Suhiltzaileek egiten dituzten lanetan Gipuzkoako suhiltzaileekin koordinatu, osasun arloan hitzarmenak hobetu, garraioan ere lanketa bat badago eta ingurumen arloan Urumea bailara errealitate bat bihurtu beharra dago. Guztia da beharrezkoa bi administrazioen artean dagozkigun arazoei konoponbideak emateko.

Zenbait proiektu garatu dira Aranon azkeneko urteotan, araztegia esaterako, dirulaguntzei esker. Bide horretatik, azpiegitura gehiago lortu edo berritu nahi dituzue datozen urteotan?

Diru publikoari esker azkeneko urteetan araztegia eraiki digute eta hurrengo urteetan frontoiaren estalki berriaren laneatan jarraitu nahi dugu. PILeko dirulaguntzetan sartzeko aukera txiki bat daukagula ikusten dugu, eta finantziatzeko plan batean lanean jarraitu beharko dugu.

Herri bizitza dinamizatzeko, sortu dira mugimenduak azkeneko urteotan, Jalki Kultur Elkartea bezala. Nolakoa da herri bizitza egun? Zertan esku hartu dezake Udalak, kultur arlotik?

Kultur arloan gazteei lekukoa pasa nahi diegu, beraiek erabaki dezaten nolako kultur ekintzak nahi dituzten. Jalki Kultur Elkartearen bidez herriko festak antolatzen dira eta herriko Internet zerbitzua ere ematen du Guifineten eskutik. Jakin berri dugu Aranon interneteko fibra zerbitzua etxe guztietara zabalduko dela aurten, Gobernuko «Unico» planaren baitan.

Euskeraren arnasgune izan da Arano beti. Zein da egoera une honetan? Baduzue 
kezkarik, eta erabileran eragiteko asmorik?

Betidanik Aranoko hizkuntza euskara izan da, eta gaurko egunean ere hala da, baina erabilerarekin kezkatuta gaude, gaurko eguneko telefono mugikorren teknologia ez da oso lagungarria, edota ez dakigu ongi erabiltzen. Euskeararen egunerokotasunaren erabileraren gainean, hausnarketa bat egin beharra dago gure hizkuntzak aurrera egiteko. Hauxe da erronka haundienetakoa!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!