'Landa Nafarroa Lotu' lankidetza proiketuaren barruan, herritarrei zuzendutako digitalizazio tailerrak eginen dira Nafarroan. Cederna Garalur Elkarteak antolatu ditu saioak, eta enpresentzat eta lehen sektorean dabiltzanentzat pentsatuak daude.
Norbanakoentzat lau tailer antolatu dituzte: Sartu zure izapide eta jakinarazpen elektronikoetara, Oinarrizko digitalizazioa, Konekta zaitez digitalki zure administrazioarekin eta Banda digitala eta erosketa segurua. Aurrez aurreko saioak izanen dira guztiak.
Lehen sektorearekin lotura duten tailerrei dagokienez, beste lau saio prestatu ditu Cederna Garalurrek: Trebetasun teknologikoak, Nola eraman enpresa atal guztietara?, Aurkezpen eraginkorrak eta Online salmentaren alternatibak. Horiez gain, nork bere burua eta produktua saltzen ikasteko eta bezeroei arreta emateko tailerra ere eskainiko dute.
Tailer guztiei buruzko informazioa Goizuetako Udalaren webgunean (www.goizueta.eus) eskuratu daiteke; egun, ordutegi eta kokalekuekin.
Jarduera guztiak doakoak dira, eta parte hartzeko interesa dutenek hiru modutara eman dezakete izena: 637 31 26 61 edo 948 20 66 97 telefonoetara deituta, pirineo.admin@cederna.es helbidera idatzita eta www.cederna.eu webgunean sartuta.