Oso aldakorra izan da atzerritik etorritakoen bilakaera, mende honetan, Aranon. Joera argirik ez da izan, eta ezta komunitate esanguratsurik osatu ere. Horrela, Errumania izan da 'ordezkari' gehien izan dituen herrialdea Aranon, bost lagun baitziren 2005ean bertatik etorritakoak.
Gainerakoan, herrialde ezberdin askotatik etorritakoak izan dira Aranon, urte desberdinetan: Marokotik zein Boliviatik etorritako lagun bana mende hasieran, atzerritarrik ez 2012tik 2018ra, eta Ukrainatik, Errusiatik, Portugaldik, Frantziatik edota Kolonbiatik etorritakoak azkeneko urteotan.