Bazen festarako gogorik Aranon, eta hala erakutsi zuten larunbateko egun seinalatuan: Inauteriak ospatu zituzten herritarrek, goizetik gauera, eguzki goxoa ere lagun zutela.
Goizeko 08:00etan zeukaten jarrita hitzordua Zomorroek, elkartu eta Beltsoko bordatik abiatzeko puska biltzea. Makina bat herritar batu ziren ospakizunera, eta elkarrekin egin zuten erronda baserriz baserri, oinez eta gustura. Izer eta Alabier trikitilariek girotu zuten eguna beste behin, eta dantzan jarri zituzten Zomorroak, geldialdi bakoitzean. Gorputza mugitzeak ere izan zuen saririk, ordea: mokadua eskaini zieten baserrietan, eta tripa erdi-beteta iritsi ziren bazkalorduan Goiko Herrira. Orduan dantzatu zuten herriko haur, gazte eta helduek, elkarrekin eta hutsik egin gabe, Zahagi Dantza. Puska biltzea eta Zahagi Dantza bukatuta, soziedaderako bidea hartu zuten Zomorroek, eta elkarrekin egin zuten bazkaria, ohiturak agindu bezala.
Festa borobiltzeko, desfilea eta antzerkia egin zuten Zomorroek eta mozorroek arratsaldean, herriko gaztetxoen eskutik. Eta herri afaria egin zuten gauean, soziedadean, bingo musikatu eta guzti.