Zomorroak eta haurren Zahagi Dantza bueltan, Aranon normaltasunez, bailarako Inauteri goiztiarrenetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 11a, 00:00

Goizean goiz elkartzen dira aranoarrak inauteri goiztiarrenak ospatzeko.

Gaur ospatuko dituzte Inauteriak aranoarrek, eta egun osoko festa prestatu dute. Goizean goiz abiatuko dira Zomorroak puska biltzera, bazkaria eginen dute gero, eta Zahagi Dantza izanen da arratsaldean. Afalostean, bingo musikatua.

Inauteriak aurten normaltasunez ospatuko dira Aranon, hiru urte eta gero. Honela, bailaran beste inon baino lehenago ospatuko dituzte Aranon, urtero bezala. Gaur bertan izanen dira, eta egun osoko festa prestatu dute, Zomorroak eta Zahagi Dantza protagonista direla.

Goizean goiz abiatuko dira Zomorroak puska biltzera, Izer eta Alabierren trikiti eta pandero doinuek lagunduta. Goizeko 08:00etan jarri dute hitzordua, eta Beltsoko bordan hasiko dira.

Elkarrekin igaroko dute goiza aranoarrek, beraz; eta bazkaldu ere, elkarrekin eginen dute, Zomorroen bazkariarekin. Horretarako, hori bai, Kontsejun eman behar zen izena, ostegunera arte. 14:30etarako dago iragarrita iritsiera eta ondoren elkarrekin bazkalduko dute elkartean.

Arratsaldean, berriz, Zahagi Dantza biziberrituak hartuko ditu Aranoko kaleak. Haurrek eginen dute beste behin, 2016an erreleboa hartu zutenetik egin duten bezala. 18:30etan hasiko dute, ohitura zaharra. Zomorro eta mozorro desfile-antzerkia ikusgarria izanen da.

Eta eguna modurik onenean bukatzeko, afari herrikoia antolatu dute elkartean 21:00etan hasita; eta bingo musikatua izanen da ondoren, saltsa jartzeko.

Bazegoen gogoa pandemia aurretik ezagutzen zen girora itzultzeko.

EGITARAUA

ARANO-INAUTERIAK

GAUR

08:00: Zomorroen elkartzea eta abiera Beltsoko bordatik.

14:30: Zomorroen iritsiera herrira eta Zahagi Dantza segidan. Ondoren, Zomorroen bazkaria soziedadean.

18:30: Zomorro-mozorro desfile/antzerkia ume eta gazteek antolatua.

21:00: Herri afaria soziedadean eta ondotik bingo musikatua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!