'Ibaia ez da toki bat' dokumental zikloari hasiera emango diote bihar, Aranon

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 00:00
'Ibaia ez da toki bat' ikusteko aukera, bihar. Argazkia: Bira produkzioak

Bihar arratsaldeko 18:30etan proiektatuko dute dokumentala, Maisuenean. Eta hilaren 17an, berriz, Chillida Lekun izango da, 18:00etan. 

Ibaia ez da toki bat dokumentalaren aurkezpen ibilbidea egingo du Nagore Legarretak, eta bihar izango du lehenengo geldialdia, Aranon. Arratsaldeko 18:30etan proiektatuko da dokumentala, Maisuenean. Gero, 20:00etan, talo jatea eta gaztaina jatea izango da eta, ondoren, bertso entrenamendu komentatua Aitor Mendiluzerekin, Unai Agirrerekin, Eñaut Martikorenarekin, Agin Labururekin eta Joanes Ilarregirekin.  

Aranoz gain, Chillida Lekun ere izango du hitzordua, azaroaren 17an, arratsaldeko 18:00etan, eta azkenekoa, Donostian izango da, abenduaren 2an, arratsaldeko 19:00etan hasita, Donostiako Argazkilaritza Elkartean.

Proiektuaren sortzailea eta argazkilaria izan da Nagore Legarreta, eta honako hauexek osatu dute proiektua: zuzendaritza, Beñat Iturriozek eraman du; gidoian, soinuan eta edizioan Eñaut Tolosa eta Beñat Iturrioz aritu dira; kamera atzean, Leire Egaña eta Beñat Iturrioz egon dira eta; eta, azkenik, Bira Produkzioak izan da dokumentala ekoiztearen arduraduna. 

 

Urtebete, ibaiaren ikuspegitik argazkiak egiten 

Nola ikusten gaitu ibaiak eta nola ikuste dugu guk bera? Galdera horien bueltan urtebete pasa du Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak ibaiaren ikuspegitik argazkiak egiten. Argazkigintza prozesuaren dokumentazio moduan hasi zena, ibaiari buruzko dokumental bat izaten bukatu du, non ibaia nola ikusten dugun eta hark gu nola ikusten gaituen narratzen duen: «Dokumentala, beraz,  barne bidaia akuatiko bat da, izan ere, ibaia ez da toki bat, ibaia geu gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!