Oso gogorra izan zen asteartetik asteazkenerako gaua Aranon, eta ez dira xamurragoak izaten ari hurrengo egunak. Sua piztu zen gauerdia baino lehen, Goiko Herriko Gaztazenea etxean, eta erabat kixkalita geratu da.
«Gaueko 23:45etan ikusi genuen, kolpetik, nola ateratzen zen sua Gaztazeneatik», kontatu dio Joxan Ruiz alkateak Kronikari: «aurretik kolpe hotsak sumatu nituen, baina balkoira atera eta ez nuen ezer ikusi. Eta, bat-batean, suaren islada ikusi nuen leihoan. Oihuka eta txistuka atera nintzen etxetik, eta beste bi herritar ere berdin». Une horretan, bi bizilagun zeuden Gaztazenea etxe barruan: aita eta alaba, 12 urtekoa. «Lo zeuden ohean, eta ez ziren esnatzen. Larritasun haundiko egoera izan zen, etxea suak hartuta zegoelako. Harrika aritu ginen leihoetara, eta esnatu ziren azkenean. Balkoira atera ziren, eta herritar batek ekarritako eskaileratik jaitsi ziren kalera. Ama lanean zen orduan, baina hasieran, ez zekitenez zer ordu zen ere, zalantza zeukaten etxera bueltatua ote zen. Baina orduagatik lanean behar zuen, eta lortu genuen berarekin harremanetan jartzea».
«Herritar guztiak aritu ginen ondoko etxeak bustitzen»
Berehala hasi ziren lanean «herritar guztiak», alkateak kontatu duenez: «toki guztietatik mangerak ekarri, eta ondoko etxeak bustitzen aritu ginen etengabe, oso gertu daudelako eta su hartu zezaketelako. Haurrak aritu ziren mendia zaintzen, horrek ere surik ez hartzeko. Ziztu bizian etorri ziren Goizuetako suhiltzaileak, eta baita Donostiakoak ere. Cordovillakoak ere etorri ziren gero. Gutxienez ondoko etxeak salbatzen saiatu ginen».
Haizea indartsu zebilen, gainera; «baina ez aurreko gauetan bezainbeste. Bestela, ezinezkoa izango zen horri eustea. Haize pixka bat gehiago izan balitz, akaso beste bi edo hiru etxe erreko ziren», dio Joxan Ruizek.
«Goizaldeko 04:00ak edo 05:00ak aldera» geratu zen sua kontrolpean. «Suhiltzaile asko aritu ziren, eta guztien artean kontrolatu zuten egoera. Barruko sua ezin zen itzali, baina lortu zuten ingurukoek surik ez hartzea». Asteazken arratsaldera arte aritu ziren suhiltzaileak lanean, teilatuaren saneamendu lanetan nagusiki. Herritik joan zirenean, kamioi bat utzi zuten bertan, «Suron bizi den suhiltzaile batek kudeatzeko». Eta ordutik, txandaka ari dira herritarrak, etxea zaintzen, «txinpartak ez zabaltzeko hego-haizearekin. Mangerak jarri genituen lau puntutan, eta tokiren batean sugarrak eta txinpartak sortuz gero, busti egiten ditugu. Asteazken gauean, esaterako, bi orduko txandan sei edo zazpi itzaliko nituen. Beharbada bi astetan ez da guztiz itzaliko barruko su hori. Perituek etorri beharko dute, deseskonbroa egin beharko da, eta orduan bai, bukatuko da. Baina bitartean, kontrolatzen jarraitu behar dugu».
Sua nola piztu zen «susmorik ez» daukate oraingoz: «bi tximiniak itzalita zeuzkaten, eta sukaldean ere ez ziren ari, noski, ordurako lo zeudelako. Ez dakigu nola gertatu zen».
«Den-dena galdu dute, ez da ezertxo ere salbatu»
Herriko beste etxe batean hartu dituzte Gaztazeneako bizilagunak; Ukrainatik etorritako familiak egon ziren etxean, hain justu. «Txikituta daude. Den-dena galdu dute, ez da ezertxo ere salbatu. Orain, ahal dugun guztian laguntzen saiatu behar dugu. Horretarako dinamika hartua daukagu martxotik hona, ukrainarrak etorri zirenean hartu genuena», dio alkateak.
Etxearen egitura, behintzat, salbatzeko moduan egon daitekeela uste du: «oso ondo egindako etxea da, eta oso ondo dauzka paretak. Egitura ere, egurrezkoa eta garai batekoa izan arren, oso ona da. Oso ondo eutsi dio egiturak. Barruko guztia izango da berreraiki beharrekoa».