San Roke egun berezia, Aranon

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 19a, 00:00

Bailarako eta beste zenbait herritako txistulariak, Aranon.

San Roke eguna ospatu zuten joan den asteartean, Aranon. Egun osoko egitarauarekin, egun borobila izan zuten herritarrek. Goizean goiz, txistulariek esnatu zuten herria. Bailarako zein beste zenbait herritako txistulariak izan ziren bertan: Hernanitik, Patxi Apezetxea, Garbiñe Tijero, Boni Agirresarobe, Joseba San Sebastián; Aresotik, Modesto Lasa; Leitzatik, Juanmi Saizar; Goizuetatik, Jexux Loiarte; Getariatik, Alejandro Egurbide; Elorriotik, Iñaki Azkoaga; Pasai Donibanetik, Juan Antonio Laboa.

Horrez gain, hainbat oroimen ekitaldi egin zituzten San Roke egunean, eta goizeko mezan, esaterako, inguruko herrietako zein Aranoko herritar mordoa izan zen. Azken horretan, omenaldia egin zioten duela gutxi zendu zen Aranoko apaiza zen Esteban Iruruzuni. Ekitaldian, Ramon Huizi aranoarrak bertsoa eskaini zuen aldarean.

Gainera, Xabier Narbarte txistulari aranoarra ere gogora ekarri zuten. Apirilean hil zen, eta txistularien laguntzarekin, agurra dantzatu zuten bere omenez. Horrekin batera, Udaleko ordezkariek oroigarri bat eman zioten Narbarteren familiari.

Udalak beste bi herritar ere omendu zitueten: Gaztazeneako Maria Jesus Intxausti, Anton Seguesen alarguna, «festa honetan laguntzaile gisa daramatzan urte guztiengatik»; Montebeo etxeko Ruiz familiarekin, «San Roke eguneko festen antolakuntzan 50 urtetik gora egoteagatik».

Bazkari herrikoian, mahaiaren bueltan bildu ziren aranoarrak, eta, arratsaldean, Agur Jaunak eta Andreak abestiarekin amaitu zen San Roke eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!