Santio Jaiak 2022

«Oso berezia izanen da kontzertua, joko dudalako hemen nagoenetik maitemindu nauten horientzat»

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 00:00

Valentina Dontsova, Evhennia alabarekin, Aranoko frontoian.

Aurtengo Santio Jaietako nobedadea, eta ekintza berezienetako bat, izanen da Valentina Dontsova pianojolearen emanaldia. Ukrainan gerra hasi zenean etorri zen Aranora, alabarekin batera, eta etxean bezala sentiarazi dute bertakoek. Jasotako maitasuna bueltatu nahi die biharko kontzertuan, musikaren bitartez.

«Pena ematen dit pentsatzeak, noizbait hemendik joan beharko dudala». Apenas behar izan dituzte lau hilabete, Valentina Dontsovak eta Evhennia alabak, Aranorekin eta aranoarrekin maitemintzeko. Ukrainan gerra lehertu zenean etorri ziren, eta hasieratik sentitu dute herritarren babesa: «beraiek dira altxorrik haundiena». Horregatik, berezia izanen da Valentinarentzat, bihar elizan aranoarrei eskainiko dien kontzertua. Musika irakaslea eta pianojolea izanik, doinu ederrenekin bueltatu nahi die jasotako maitasuna.

 
Noiz eta zergatik hasi zinen pianoa jotzen? Senideren batek jotzen zuen pianoa, zuk baino lehenago?

Pianojolerik ez dago familian, ez; baina sei urte nituela, neroni matrikulatu nintzen musika eskola batean. Gure etxetik gertu, musika eskola bat besterik ez zegoen; eta beraz, dantzari izateko neukan ametsa horretan geratu zen, amets hutsean. Nire gurasoek ez zeukaten aukerarik beste eskola batera eramateko.

 

Zenbat denbora daramazu musika irakasle gisa? Nolatan hasi zinen musika klaseak ematen?

Eskola bukatu nuenean, zuzenbideko ikasketak egitea zen nire ametsa, baina nire amak erabaki zuen musika irakasle izan behar nuela. Ezin izan nuen aukeratu, eta musika eskolan hasi nintzen. Lau urteren ondoren, diploma jaso nuen, eta unibertsitatean sartu nintzen, goi-mailako heziketa egiteko. Beste bost urte eman nituen bertan, eta ohorezko diploma jaso nuen. Hirugarren kurtsoa egiten ari nintzela, gainera, lanpostu bat eskaini zidaten, maila haundiko haurren abesbatza batean, laguntzaile gisa. Ikasle batentzat, ametsa da horrelako lanpostu bat. Horrela hasi zen nire ibilbidea, laguntzaile gisa. Ikaslea nintzela, bi abesbatzarekin egin nuen lan, eta beraz, abeslarien laguntzaile bezala aritzen naizenean, abesbatzako irakasleari ere lagundu diezaioket.

 

Zer ematen dizu musika irakasle lanak?

Ez zen nire ametsetako lanbidea, ez bainuen nik aukeratu. Baina, hala ere, izugarri gustatzen zait pianoa jotzea, eta orri batean notak irakurtzea. Niretzat, estresa kentzeko modurik onena da. Pianoa jotzen dudan bitartean, dena ahaztu dezaket, musikaren munduan murgilduta.

 

Berezia izango da Aranon eskainiko duzun kontzertua, zuretzat?

Oso berezia izanen da, bai. Hasteko, ia 20 urtetan ez naizelako eszenatoki batera igo nire kasa. Beti aritzen naiz abesbatza bati edo abeslari bati laguntzen, eta ez dut inoiz eskaini kontzertu bat bakarrik. Eta horrez gain, pertsona berezientzako eskainiko dut kontzertu hau; hemen nagoenetik maitemindu nauten horientzat. Hona etorri ginenean, Aranoko familian hartu gintuzten, eta oso gertukoak, maiteak eta bereziak dira niretzat.

 

Nolako kontzertua izango da? Zein pieza joko dituzu?

Guztiok ezagutzen ditugun obrak eskaini nahi ditut, baina nik ikusten eta sentitzen ditudan moduan. Aranon jo nuen aurreneko pieza, Beethovenen Mondscheinsonate (Ilargi Zuriaren sonata) izan zen, eta beraz, hori kontzertuaren ere jotzea erabaki nuen. Bigarren pieza, Chopinen 7garren valsa izanen da. Erromantze pixka bat gehitu nahi nion emanaldiari. Asko gustatzen zaizkit, amesteko aukera ematen dizuten obra horiek ere, entzuteko atseginak direnak; eta horregatik aukeratu nuen Fazil Sayren Kumru Ballad hirugarren pieza gisa. Eta noski, Ukrainako abestiak ere ezagutarazi nahi dizkiet entzuleei; beraz, hainbat abesti ukrainar joko ditut, pianorako moldatutakoak.

 

Valentina Dontsova, pianoa jotzen, Aranoko Montebeo etxean.
 
 

Zure aurreneko jaiak izanen dira herrian. Nola biziko dituzu?

Ez dut bertako hizkuntza ezagutzen, baina Aranon gertatzen den guztia interesatzen zait; eta beraz, oso gogotsu nago festetarako. Asko gustatzen zait bertakoei begiratzea, beraien emozioak, jarrera... Niretzako berria eta ezezaguna den guztiak pizten dit interesa. Bertako jendeari esker, oso gustura nago Aranon, eta pena ematen dit pentsatzeak, noizbait hemendik joan beharko dudala. Mendiekin maitemendu naiz, eta hemen inguratzen nauen edertasunarekin. Baina niretzako altxorrik haundiena bertako jendea da. Oso bereziak dira!

 

Harrera ona egin dizuete Aranon, beraz. Integratuta sentitzen zarete?

Aranora iritsi ginenean, bertakoak babes izugarria izan ziren guretzat. Xabik, historiako irakasle denak, egunero ekartzen zituen bere seme-alabak haurtzaindegira, nire alabak norekin jolastu izan zezan. Joxan alkateak, berriz, ahal izan zuen guztia egin zuen, gure edozein arazo konpontzeko. Egunero galdetzen ziguten zerbait behar ote genuen, eta zer egin zezaketen guri laguntzeko. Baina laguntza garrantzitsuena izan da jaso dugun babes morala.

 

Nola gainditu dituzue hizkuntzaren zein kulturaren oztopoak?

Teknologia berriei esker, arazo gutxi dauzkagu komunikatzeko. Nire sei urteko alabak euskeraz hitz egiten du dagoeneko. Eskolakoek eta Aranoko haurrek ondo erakutsi diote. Oso oso eroso dago alaba herrian.

 

Zein da egungo egoera, zuen jatorrizko herrian, Ukrainan?

Une honetan, nire hiria oso egoera ezegonkorrean dago. Ez dira izan beste hiri batzuetan bezainbeste bonbardaketa, eta hiriaren inguruan ematen ari dira gertaerak. Aireko erasoak oso ohikoak dira, Ukrainaren erdian dagoelako kokatuta, eta itsasotik eta Errusiatik jaurtitako misil guztiak bertatik pasatzen direlako. Aerodromo militar bat bonbardatu zuten gure hirian. Beraz, han egotea beldurgarria da, eta inork ezin du ziurtatu, bihar bertan kohete bat ez denik eroriko gure hirian. Errusiaren estrategia da Ukraina lurraren azaletik ezabatzea. Eskolak, merkatal guneak, kultur etxeak... bonbardatzen dituzte; biztanleria zibila gehien pilatzen den guneak. Nire etxea eskola batetik gertu dago, eta horrek gure beldurra areagotzen du. Ez dakit noiz bueltatu ahal izanen dugun etxera, baina Jainkoari eskatzen diot nire gurasoek (73 urte dauzkate eta Ukrainan geratu ziren), bizirik jarraitu dezatela, eta ikusteko aukera izan dezadala.

Ukraina oso herrialde baketsua da. Ez dugu besteen ezer behar, baina gurea denari ere ez diogu uko eginen. Ukrainar guztiek amesten dute zeru lasai batekin, eta seme-alabentzako bizitza zoriontsu batekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!