Euskal kiroletik asko izanen dute aurtengo Santio Jaiek, ohikoan baino are gehiago. Horietan, gainera, protagonismo haundia izanen dute emakumeek, eta ez da kasualitatea: kirolari izandako emakume aranoarrak omenduko dituzte aurtengo Santiotan, eta beraiek botako dute txupinazoa bihar, jaiei hasiera emateko. Segan aritutakoak, palistak, herri kirolariak... Beraiek egonen dira udaletxeko balkoian, eta baita hainbat emakume esku pelotari ere, gero frontoira igo eta ikuskizuna eskainiko dutenak.
Izan ere, emakumezkoen pelota partiduak jokatuko dituzte, txupinazoaren ondoren. Horixe izan da azken orduko aldaketa, aurtengo Santio Jaien egitarauan. Ados Pilotaren deia jaso zuten, esanez Aranon jokatu nahi zutela, eta txupinazoa aurreratu dute, partiduei lekua egiteko. Plazaz Plaza txapelketaren bigarren edizioko partidua izanen da, jokatuko dutena: Iera Agirre Iturriaga eta Oihana Orbegozo, Andrea Aldaregiaren eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikaren kontra. Joan den urtetik dator, Aranon jokatzeko gogo hori: Plazaz Plazako partidu bat jokatzen saiatu ziren bertan, bi bider; baina euriagatik, Ereñotzun egin behar izan zuten azkenean.
Haien aurretik, beste lau neska ariko dira frontoian, infantil mailakoak: Araitz Legarreta aranoarra eta Kattin Madariaga aranztarra, Amaiur Martinez eta Ainitze Martinez lesakarren kontra. Aurreko asteburuan, hain juxtu, txapela jantzi zuten Araitz Legarretak eta Amaiur Martinezek elkarrekin, Bortzirietako Txapelketan.
Karmele Gisasola eta Maika Ariztegi, puntako bi herri kirolari
Santio egunez ere izanen dira protagonista emakume kirolariak, astelehenean. Izan ere, bi bikote mixto ariko dira elkarren kontra, modalitate desberdinetan: Maika Ariztegi iturendarra eta Joseba Izeta aranoarra, batetik; eta Karmele Gisasola Zelai mallabiarra eta Haritz Esnal usurbildarra, bestetik.
Ez da aurreneko aldia, Izeta eta Esnal aurrez aurre ariko direna. Azkeneko bi Santiotan, 2018an eta 2019an, hala aritu ziren, bikote ezberdinekin. Eta oraingoan, puntako bi herri kirolari izanen dituzte lagun, makina bat txapela lortutakoak. Ia 30 urte daramazki herri kiroletan Maika Ariztegik, eta Euskadiko txapeldun izan da ingude altxatzean eta lokotx biltzean, Urrezko Aizkolarien Txapelketa eta Urrezko Kopa irabazi ditu. Ingudean, aurreko asteburuan irabazi zuen Nafarroako Txapelketa, 12garrenez. Ez da makala, Karmele Gisasolaren palmaresa ere: bi bider izan da Euskadiko txapeldun ingude jasotzean, bost aldiz Bizkaiko txapeldun, 2021eko Euskal Pentatloi Saria irabazi zuen, eta bi aldiz izan da Bizkaiko txapeldun harrijasotzen. Ikuskizuna ziurtatuta dago, Santio eguneko herri kiroletan.
Mutilen esku pelota partiduak, igandean eta astelehenean
Egunero jokatuko dituzte esku pelota partiduak, aurtengo Santio jaietan; eta mutilen txanda izanen da igandean eta astelehenean. Haurrak ariko dira jaien bigarren egunean, igande eguerdian. Aurrena, benjaminetan, Umore Onako hiru bikotek jokatuko dute, denek denen kontra; guztira hiru partidu, 10 tantora: Mañel Seges aranoarra eta Oier Zabala goizuetarra; Beñat Narbarte eta Jon Larin goizuetarrak; eta Luken Elizegi eta Aritz Aranberri goizuetarrak. Ondoren, alebinetan, aurrez aurre ariko dira bi bikote: Aratz Labaka eta Oier Arsuaga hernaniarrak, eta Aiert Dorronsoro eta Aiur Ugartemendia leitzarrak. Eta infantiletan, azkenik, Joseba Arretxe eta Oinatz Gaskon hernaniarrek jokatuko dute, Jokin Arregi leitzarraren eta Anartz Lujanbio goizuetarraren kontra.
Nesken bi esku pelota partidu jokatuko dira bihar, txupinazoaren ondoren: gazteena aurrena, Araitz Legarreta aranoarra tartean; eta Plazaz Plaza txapelketako partidua ondoren.
Gazteen partidu batekin hasiko dute astelehen eguerdiko pelota jaialdia ere. Kadete mailako lau esku pelotari ariko dira, lauak ere bailarakoak: Xuban Iturbe eta Mikel Leonet hernaniarrek osatuko dute bikoteetako bat, eta Oihan Legarreta aranoarrak eta Egoitz Elizegi goizuetarrak bestea.
Eta festetako kirol sorta borobiltzeko, partidu klasiko bat izanen da bueltan: Aranoren eta Goizuetaren arteko lehia. Oraingoan, Aranoren izenean ariko dira Egoitz Olaizola eta Markel Lizeaga; eta goizuetarren ordezkari izanen dira Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea. Afizionatuetan, puntako esku pelotariak dira, eta maila haundiko partidua espero da.